Ordiziako azoka ez da ohikoa izango. Zalantza zegoen koronabirusa zela-eta aste honetan egiterik izango zuten edo ez, baina, azkenean, egoerara egokituta egingo dute. Ez du zerikusirik izango asteroko azokarekin, baina astero etortzen diren bederatzi baserritarrek jarriko dituzte postuak. Ordiziako Udalak honela azaldu du: “Asteazkeneko azokak daukan bolumenagatik, eta osasun baldintza egokiak bermatze aldera, ezinezkoa da bere horretan mantentzea”. Horregatik, plaza barruko postuetara mugatzea erabaki dute, eta baserritarrek eta bertako produktuen ekoizleek bakarrik jarri ahal izango dute postua.
Bertako hainbat janari saltokik zabalik jarraitzen duten moduan, udalak aukera eman nahi izan die nekazariei “euren produktu galkorrak saldu” ahal izateko, betiere “segurtasun neurri guztiak” bermatuta. Horretarako, plazako sarbidea kontrolatu egingo dute, jendea pilatu ez dadin eta segurtasun tarteak bermatu daitezen.
(Jarraitu irakurtzen Goierriko Hitza-n).