Banderen auzia

Ordu erdiz egon dira eskegita banderak Bilboko Udaletxean, eta ez da istilurik izan

Bilboko bandera, ikurriña, Espainiako bandera eta Europako Batasunekoa ordu erdiz egon dira eskegita gaur goizean Bilboko Udaletxeko balkoian, Bilboko Aste Nagusiko Egun Handia gaur dela eta . Ehun bat lagun bildu dira atarian ikurriñaren alde eta Espainiako bandera zintzilikatzearen aurka; oihuen bidez defenditu dute beren jarrera. Ertzaintzak hainbat unitate mugikor jarri ditu Udaletxearen inguruan. Ez da istilurik gertatu.

2003ko abuztuaren 22a
13:45
Entzun
"Ikurriña bai, espainola ez" eta tankera bereko beste zenbait aldarri oihukatu dituzte Bilboko Udaletxe atarian ikurriñaren alde eta bandera espainiarraren aurka bildutako ehun bat lagunek, goizeko zortzi eta erdietan, lau udaltzainek udaletxeko balkoian banderak eskegi dituztenean. Ohikoa denez, Bilboko bandera, Euskal Herrikoa, Espainiakoa eta Europako Batasunekoa ezarri dituzte. Bederatziak arte egon dira zintzilik, eta bitarte horretan guztian bandera espainiarrak ez lukeela han egon behar aldarrikatzen segitu dute atarian bildutakoek.

Ertzaintzak hainbat unitate mugikor jarri ditu udaletxearen inguruan. Nolanahi ere, ez da istilurik gertatu.

Garai batean istilu handiak izaten ziren Bilbon banderen auzia zela eta. Duela zenbait urtetik, ordea, ez da halakorik gertatu, neurri handi batean, konpartsek egoera bideratzea lortu dutelako. Ikurriñari omenaldia egiten zaio bezperan konpartsek antolatuta, eta ekitaldi horrek Bilboko jaietako egun handian banderen inguruan sortzen zen zalaparta baretzea lortu du.

Hala ere, gaur istiluak izango ziren kezka bazegoen, hain zuzen ere, atzo Ertzaintzak txosnak miatu zituelako eta hainbat pankarta kendu zituelako, eta horrek jende asko hasarrazi duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.