Sutea

Ordu luzez lanean jardun ostean, itzali dute Etxebarriko bizikleta biltegian piztutako sua

Atzo piztu zen sua, 13:30ean, eta gaur goizean lortu dute suhiltzaileek azken garrak amatatzea. Udaleko teknikariek eraikina aztertuko dute, egituran kalterik sortu ote den egiaztatzeko.

jarraia171884.jpg
2019ko urriaren 1a
15:23
Entzun

Bizkaiko suhiltzaileek jakinarazi dutenez, sutea ustekabean piztu zen atzo Saga enpresako eraikin batean, Etxebarrin (Bizkaia). Nuuk markako bizikleten, motorren eta auto elektrikoen biltegi bat dago han, eta sugarrek berehala hartu zuten; Bilbotik eta Etxebarritik erraz ikus zitekeen suteak eragindako ke beltza. Kalte material handiak eragin dituzte garrek, baina ez da zauriturik egon. Dena den, inguruko 25 enpresetan lanean zeuden beharginak lantokitik irtenarazi zituzten sutea piztu bezain pronto, badaezpadako neurri gisa. Gaur itzuli dira euren lanpostuetara.

Sutea atzo eguerdian piztu zen, eta, Isusko Mendizabal Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaile buruak jakinarazi duenez, gaur goizean lortu dute garrak “kontrolatu eta amatatzea”. Orain, udaleko teknikariek eraikina aztertuko dute, egituran kalterik sortu ote duen egiaztatzeko. Balorazio horren zain daude suhiltzaileak eraikin barruan dauden bizikleta, bateria eta bestelako gailuak ateratzera sartu daitezkeela ziurtatzeko. Izan ere, suaren sorburua dela eta, garrantzitsua da eraikina hustea: “Sua lur azpiko solairuan piztu da, haizebiderik gabeko eremuan, eta, hortaz, ezinbestekoa da oraindik bero dagoen materia ahal bezain pronto ateratzea”, azaldu du Mendizabalek.

Alarmak piztu eta zazpi ordura, eraikina aireztatu eta tenperatura jaistea lortu ostean, suhiltzaileak barrura sartu ziren. Beharginek ohartarazi dute itzaltze lanak zailak izaten direla, hainbat arrazoi direla medio. Batetik, bertan gai kimikoak daude bilduta; bestetik, sua zorupeko haizebiderik gabeko eremuan piztu da, eta horrek suhiltzaileen lana oztopatu du. Halere, alde biko efektua izan du sua lur azpian sortu izanak, eta garrak eraikinetik kanpo ez hedatzeko baliagarria izan da eraikinaren isolamendua.

Inguruan eragina

Suteak ke laino beltz ikusgarria sortu zuen, eta Basaurira, Boluetara eta Txurdinagara iritsi zen. Ondorioz, Eusko Jaurlaritzako teknikariek airearen kalitatea aztertu zuten, baina adierazi zuten ez zegoela arriskurik pertsonen osasunerako. Hala ere, Etxebarriko Udalak hainbat neurri hartzeko gomendatu zien auzotarrei; esaterako, leihoak ixtea. Era berean, poliziak N-634 errepideko errail bat itxi zuen ke lainoak sortutako zailtasunengatik, eta hiru suhiltzaile artatu behar izan dituzte larrialdi zerbitzuek, Basurtun eta Galdakaoko ospitalean. Mendizabalek ohartarazi du eraikin barruan 300 gradu inguruko tenperaturak jasan behar izan dituztela. Ikerketa bat abiaraziko dute nahita piztutako sutea izan ote den argitzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.