Erlojuaren kontra bizitzearen sentipena oso hedatuta dago gizartean, baina, zinez, ordulariaren kontra bizi da euskal gizartea, Frantzian eta, bereziki, Espainian gertatzen den bezala. Izan ere, eguzkia eta erlojua ez datoz bat Euskal Herrian. Ordu ofiziala erloju biologikoak eskatzen duena baino ordubete lehenago doa. Bigarren Mundu Gerran ordularia 60 minutu aurreratu eta Alemaniaren ordua ezarri zutelako Frantziak, nazien inbasiopean, eta Francok, Hitlerrekin zuen kidetasunagatik.
Hegoaldean akats hori konpontzeko aukera eztabaidatu da azken bederatzi hilabeteetan Espainiako Kongresuko lantalde berezi batean: orduen arrazionalizaziorako, kontziliaziorako eta erantzunkidetasunerako azpibatzordean, hain zuzen. Azpibatzorde horrek idatzitako txostena Kongresuko Berdintasun Batzordeak onartu zuen joan den eguenean PP, UPD, CIU eta EAJren babesarekin eta Izquierda Plural, BNG eta PSOEren abstentzioarekin. Amaiur ez zen bozketara joan. Datozen asteetan Kongresuko osoko bilkurara iritsiko da testua.
Lurraldea dagokion ordu zonara bueltatzearen gaiak badu mamia. Europa erdialdearekin eta iparraldearekin konparatuta, beranduago bazkaldu, afaldu eta lotaratzen dira euskal herritarrak, baina Ignacio Buqueras ARHOE Espainiako Ordutegiak Arrazionalizatzeko Elkarteko presidentearen arabera, horrek badu azalpen bat: erloju ofizialaren arabera 14:00etan bazkaltzen da, eta 21:00etan afaldu, baina erloju biologikoaren arabera 13:00ean eta 20:00etan litzateke, kontinenteko gainontzeko herrialde gehienetan bezala.
1884az geroztik, Greenwich meridianoa hartzen da erreferentziatzat mundu guztiko ordu zonak zehazteko. Marra imaginario horri Ingalaterran ukitzen duen izen bereko herriak eman dio izena, eta goitik behera zeharkatzen ditu Frantzia (herrialdearen mendebaldetik) eta Espainia ere (ekialdetik). Euskal Herria meridianoaren mendebaldean dago. XIX. mende amaieratik Bigarren Mundu Gerrara arte geografikoki zegokien GMT (Greenwich Mean Time) ordu zonan zeuden bi estatuak. Beraz, zazpi hamarkada daramatzate okerreko orduarekin, GMT+1 ordu zonan.
Jet lag txiki horri, Espainian lanorduen antolaketa «berezia» gehitu behar zaio, gainontzeko europarrengandik oso ezberdina. Txostenak nabarmentzen duenez, bazkalorduan geldialdi luzeegia egiten dute beharginek, «bi ordu edo gehiagokoa», eta horrek, adituen arabera, lanaldiak gehiegi luzatu eta «produktibitatean eragiten du».
Ordulariaren eztabaidaren atzean, beraz, eztabaida sakonago bat gordetzen da: kontziliazioarena eta erantzunkidetasunarena. Eguzkia eta erlojua bat ez datozen bezala, langileen lanaldiek eta eskoletako ordutegiek ere ez dute bat egiten sarri, gurasoei eta, bereziki, emakumeei buruhauste ugari eraginez. Izan ere, gaur-gaurkoz, batez ere emakumeak arduratzen dira familiaz eta etxeaz. Eustaten azken datuen arabera, esaterako, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako emakumeek egunean lau ordu eta minutu bat erabiltzen dituzte seme-alabak zaintzeko eta txeko lanak egiteko; gizonek, aldiz, ordu bat eta hamazortzi minutu. Matxalen Legarreta EHUko irakasle eta denboraren soziologiako adituaren arabera, etxeko eta kaleko lana batuz gero emakumeek batez beste egunean gizonek baino ordubete eta hamabi minutu gehiago lan egiten dute. Hau da, aisialdirako ordu bat gutxiago dute egunean, zortzi ordu gutxiago astebetean.
Bi ordu Euskal Herrian
"Erlojua atzeratzeak ez du kontziliazioa eta gizon eta emakumeen arteko erantzunkidetasuna ekarriko". Ideia bera errepikatu dute Espainiako Kongresuko Berdintasun Batzordeko kide Joseba Andoni Agirretxea EAJko diputatuak eta Onintza Enbeita Amaiurrekoak. "Txostenak bi gai garrantzitsu planteatzen ditu, erlojua gure ordu biologikora moldatzea eta kontziliazioa —azaldu du Enbeitak—. Pena bat da orduaren eztabaidak estali egingo duela kontziliazioarena".
Frantziaren zatirik handiena Greenwich meridianoaren ekialdean dagoenez, eta Europa erdialdeko ordu zonatik hurbilago dagoenez, Parisko parlamentuan ez dago mahaiaren gainean GMT ordu zonara bueltatzeko eztabaida. Hortaz, Madrilek erabaki hori hartuz gero, Euskal Herria bi ordu zonatan zatituko litzateke. Hondarribian 18:00 direnean Hendaian 19:00 izango lirateke, horrek ekar ditzakeen buruhauste eta gaizki ulertu guztiekin. "Egia esan, ez dut inoiz gaia planteatu, baina jada nahiko errealitate ezberdinetan bizi gara Iparraldean eta Hegoaldean, eta baliteke bereizketa hori handitzea", azaldu du Legarreta soziologoak.
"Lurraldetasun arazo bat" sortuko litzatekeela aitortu du Enbeitak, baina, egia esan, euskal alderdiek ez dute ordu zatiketari buruzko hausnarketarik egin txostena aztertzerakoan.
"Egia da jatorrizko ordura bueltatzea nahaste-borraste bat dela, baina gure funtzionamendu biologiko eta naturalerako ona bada, hobeto orain aldatzea 50 urte barru baino", Enbeitaren berbetan. Jatorrizko ordura itzultzeko eztabaidaren mami politikoa ere nabarmendu du Amaiurreko diputatuak. "Francok hartutako erabaki politikoa zuzentzea dago oinarrian. Baina gaiaren funtsari heltzeko badirudi estatu honetan oraindik arazoak daudela". Izan ere, txostenak ez du Francoren izenik ere aipatzen, "zirkunstantzia historiko bitxi bati" egozten dio ordu desfasea.
BNG Bloke Nazionalista Galegoak behin baino gehiagotan eskatu izan dio Madrili Galizia GMT ordu zonara mugitzeko, Portugalen ordutegi berera pasatzeko, baina ez diote inoiz kasurik egin. Oraingoan, ordea, Luis de Guindos Espainiako Ekonomia Ministroak agindu du gobernuak aztertuko duela ordularia atzeratzeko aukera. Gauza bera esan du Alfonso Alonso Kongresuko PPren bozeramaileak, "Espainian lehiakortasun eta bizi-kalitate arazo bat dagoelako".
CC Koalizio Kanariarra izan da bere jarrera azkarren eta argien plazaratu duena: logikoa iruditzen zaio erlojua dagokion ordura atzeratzea, baina, aldi berean, Kanariar Uharteetan beste ordubete atzeratzeko eskatu du. Alde batetik, geografikoki hala egokitzen zaiolako, eta beste aldetik, hala egin ezean, irratietan orduro erabiltzen den "ordubete gutxiago Kanariar Uharteetan" esaldiak turismotik bizi den erkidegoari ematen dion "doako publizitatea" kenduko liokeelako.
Argia eta ordularia harmonizatzea garrantzitsua dela uste du Legarreta soziologoak. "Erritmo zirkodianoetara, naturaren erritmoetara joatea" garrantzitsua delakoan dago, nahiz eta aitortu erabat harmonizatzea ezinezkoa dela. "Ez gara eguzkiarekin jaikitzen eta eguzkiarekin oheratzen. Beste bizitza erritmo bat daukagu inposatuta. Ordubete gehiago edo gutxiago izateak ezer gutxi aldatuko luke".
Baimen berberak?
Benetako aldaketak ekarriko lituzketenak kontziliazioa errazteko eta emakumeen eta gizonen erantzunkidetasuna bultzatzeko neurriak izango lirateke, EAJ eta Amaiurren ustez. "Legedi berri bat behar da kontziliazioa bermatzeko", Agirretxea diputatu jeltzalearen aburuz. "Kontziliaziorako ahalegina emakumeek egin behar izan dute orain arte. Egungo sistemarekin, kontziliatzeko, emakumeek aukera profesionalak galtzen dituzte, ez direlako gizonekin elkarbanatzen etxeko eta familiako ardurak. Guztion kontua da kontziliazioa".
Arlo horretan txostenak gobernuari egiten dizkion proposamenak interesagarritzat jo dituzte bi alderdiek, baina hobetu beharreko puntu ugari ikusten dituzte. Agirretxearen berbetan, "Alderdi Popularrak txostenaren erredakzioari eman dion ukitua kontserbadorea da bai terminologian, bai familia ereduan, baita kontziliazioari begiratzeko ikusmoldean ere. Gaur egungo familia kontzeptua oso aniztuna da, eta hori ez dago txertatuta".
Besteak beste, ume bat jaiotzean gurasoentzako baimenak "berberak eta transferiezinak" izatea proposatzen du testuak, eta aitatasun baimena lau astetara luzatzea. Praktikan, gurasoen baimenaren luzapena bikoiztea ekarriko luke: 16 astetik 32 astera. Hori guztia "egoera ekonomikoak ahalbidetzen duenean" egitea gomendatzen diote txostenaren egileek Rajoyren gobernuari. Espainiaren aurreikuspen ekonomikoak ikusirik, laster baino beranduago izango litzateke hori.
Euskaltelen eredua
Txostenean, gainera, gomendioak baino ez dituzte bildu, eta Espainiako Gobernuari dagokio gai horien inguruko lege proposamen bat aurkeztea ala ez, eta, era berean, haren esku egongo litzateke gomendioei kasu egitea ala ez.
Oposizioko alderdiek ez dute oso argi ikusten Madrilek aintzakotzat hartuko ote duen testua; are gutxiago kontziliazioaren arloko neurriei dagokienez. Finean, lanaldiak trinkotzea eta bazkalordurako tartea txikitzea hobesten du txostenak. Horrela, langileak arratsaldez goizago atera eta familiarako zein aisialdirako kontziliazioa errazteko.
Euskaltel konpainian egina dute proba, eta bai enpresak eta bai langileek balorazio positiboa egin dute. 2011n, hain zuzen, Espainiako Ordutegiak Arrazionalizatzeko Sari Nazionala jaso zuen euskal konpainiak, kontziliazioaren alde egindako apustuagatik. 2011tik lantalde osoak du lanaldi jarraitua, eta gehienak 07:30ean sartu eta 15:15ean ateratzen dira. Ez dute bazkarirako derrigorrezko geldialdirik —lehen ordu eta erdikoa zuten—, baina nahi dutenean bazkaltzeko hogei minutu dituzte.
Dena dira onurak Lourdes Garralde Euskalteleko lan harremanetako planifikazio arduradunarentzat: autoa gutxiago erabiltzen dute, eta arratsaldean argindar kontsumoa aurrezten dute; langileak gusturago daude, eta konpainiaren helburuak inoiz baino gehiago bete dituzte 2011z geroztik gastuaren eraginkortasunean, linea kopuruan zein inbertsioetan. "Gainera, berdintasuna eta erantzunkidetasuna bultzatzen ditu arratsaldean langile guztiak, neskak eta mutilak, etxean daudelako. Horrek familiara dedikatzeko aukera ematen die denei", Garralderen arabera.
Hala ere, txostenaren arabera, ezinezkoa izateaz gain, ez litzateke gomendagarria langile guztien lanaldiak goizean goizetik arratsalde hasierara trinkotzea: "Auto ilara luzeak sortuko lirateke hirien sarrera eta irteeretan". Horrez gain, arazoa ez litzateke erabat konponduko langileen lanaldiak trinkotuta. "Umeen eskoletako ordutegiak eta langileenak ez datoz bat, eta hor arrakala bat sortzen da kontziliaziorako", nabarmendu du Agirretxeak. "Gertaera txikienak ere drama bihurtzen dira sarri. Umeak sukarra duela-eta etxean eduki behar baduzu, zer egin?". Kontziliaziorako malgutasun neurriak hartu behar direla uste du jeltzaleak, eta enpresa munduak gaia bere egin behar duela.
Nolanahi ere, Euskalteleko lan harremanetako planifikazio arduradunaren iritziz, ordutegiei eta kontziliazioei buruzko eztabaida bera sortzea «garaipen bat» da. "Baina ezin dugu geure burua engainatu", Garralderen arabera. "Sustatzen ari den enpresen internazionalizazioarekin ez da erraza ordutegiak trinkotzea"
'Prime time'-a, goizago
Legarreta soziologoa ez da erabat fio Espainiako Kongresuak kontziliaziorako eginiko txostenaren filosofiarekin. Batez ere, Ignacio Buquerasen ARHOE elkartea ikusten du proposamenaren atzean, eta haren mentalitatea "oso produktibista" delakoan dago, erabat merkatura begirakoa. "Ez dute kontziliazioa benetan gizarte osoaren arazo gisa planteatzen". Espainian emakumeek dezente ordu gehiago ematen dizkie etxeko lanei eta zaintzari eta gizonezkoek ordaindutako lanari.
Gainera, Legarretak uste du lanorduak trinkotzea ez dela guztientzako soluzioa. "Bazkalorduan ume bat hezten bazabiltza, beharbada ordu eta erdi behar duzu". Garralderen aburuz, ez da erraza Europarekin konparaketa egitea, aspektu kulturalaren indarra dagoelako tartean. "Euskaldunok errotuta daukagu jarrita bi edo hiru platerekin bazkaltzea, eta zaila da hori aldatzea".
Gizartea aniztuna dela nabarmendu du soziologoak: "Beharrizanei soilik merkatuaren begietatik begiratu ordez gizabanakoon ikuspuntutik begiratuz gero, beste era batera antolatu beharko genuke gizarte osoa. Baina horrek ez du zerikusirik ordu bat gorago edo beherago bizitzearekin".
Telebistetan prime time programen ordua aurreratzea ere aholkatu dute txostenean. Saio nagusiek gutxienez gauerdira arte irauten dute, eta, ondorioz, Espainian batez beste Europan baino 50 minutu gutxiago lo egiten dute egunean, eta horrek ere produktibitatean eragiten duela diote adituek. Legarreta kritikoa da aspektu horrekin ere, kasu horretan ere produktibitatea dutelako ardura nagusia, eta hainbat galdera datozkio burura. "Gizarte hobe eta justuago batera garamatza prime time programak aurreratzeak? Telebistari engantxatuta egon behar al dugu?".