Eusko Jaurlaritza ordutegi komertzialen liberalizazioaren alde agertu dela salatu du igande eta jai-egunetan Bilboko dendak ixtearen aldeko plataformak. “EAJk azaldu digunaren arabera, euren modeloa igande eta jai egunetako irekieren aldekoa da, nahiz eta ñabardura eta errekurtsoz mozorrotu nahi duten. Gutxiengo baten interesak soilik defendatzen dituzte: merkataritza-zentro handien jabeena”, azaldu du Marijo Fernandez bozeramaileak.
Merkataritzako euskal legediaren modifikazio proposamenean zonalde turistikoen ezarpenei buruzko erregulazioa ezartzea barnebiltzen da. Plataforma kexu agertu da, Euskal legebiltzarrera bidalitako azken testuarena aurrean euren alegazioak ez direlako kontuan hartu. Legediaren modifikazioari "PNV eta PPk ematen dien babesaren atzean 'zero' irekierak erlatibizatzen dituen modelo bat dago, lan-eskubideen aurka egiten duena, erosketa zentro handien interesak soilik defendatu eta EAEko jendartearen iritziaren kontra egiten duena”. Era berean, Eusko Jaurlaritzak Barne Merkataritza zein Turismo gaietan duen konpetentziari “uko egitea” egotzi dio plataformak, “Estatuak proposatutako eskaera zein erregulazioak bere eginez”.
Ordutegi komertzialen liberalizazioaren aurkako 25.000 sinadura bildu ditu plataformak, eta dei egin du azaroaren 29an, igandean, Bilbon manifestatzera. “Ez du enplegurik sortzen, langileen lan-baldintzak kaskartu eta denda txiki eta ertainentzat kaltegarria da, berauek zarratzera kondenatuz”.
Euskaldendak eta Bizakidendak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa mailako merkatari elkarteak, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek eta EKE eta EKA kontsumitzaileen elkarteak osatzen dute plataforma. Euren iritziz, ordutegi komertzialen liberalizazioa defendatzen dutenen argudioak “faltsuak direla demostratu da”. Azaldu dutenez, “ez du aktibitate ekonomikoa handitzen, ez du enplegurik sortzen, eta kontsumitzaileei ez die askatasun gehiago ematen, jai egunetan egiten den erosketa beste egun batean egiten ez dena delako”.