Lurzoruaren kutsaduraren inguruko aurreproiektua aurkezteko agerraldia egin du Ana Oregik. Kazetariek, ordea, batik bat Adif sozietate publikoaren eta Isolux Corsan enpresaren ikerketaz galdetu diote —bederatzi pertsona atxilotu ditu Guardia Zibilak—. Sailburuak aitortu du Jaurlaritzak emandako bi zatitan parte hartzen ari dela Corsan, aldi baterako enpresa elkarteetan: Zizurkil-Andoain eta Tolosa-Hernialde. "Aurrenekoaren lanak 2016. urtean amaituko dira, eta bigarrenaren lanak, aurtengo irailean".
Oregik nabarmendu du epaitegiak "zerbait" behar badu Jaurlaritzak haren esku utziko duela nahi duena. "Baina guri orain arte ez digute ezer eskatu. Aipatutako bi zatien lanetan prozedura guztiak jarraitu dira. Ez dugu susmorik. Ez dugu uste ezer okerrik egon denik", gaineratu du Ingurumen sailburuak. "Tramite guztiak zuzen egin dira".
Bestalde, kazetari bati erantzunez, lizitazioetan balio epaiketak "ahalik eta txikienak" izatearen alde azaldu da sailburua.