Etzi hasiko dira A-8 autobideko Orio eta Aritzeta arteko zazpi kilometroko errepide zatian hirugarren bidea egiteko lanen bigarren fasea. Bi hilabeteko epea dago lanak amaitzeko, eta tarte horretan hiru lan egingo dituzte errepidearen bi norabideetan: bidea fresatu, indartzeko ezpalki geruza bat bota, eta bideko seinaleak margotu.
Iazko urrian hasi zituzten lanak, eta lehen fasean sarbideak prestatzeaz gain, topografia neurketak ere egin zituzten. Astelehenetik aurrera, beraz, gaur egun autoentzat irekita dauden bi bideak egokitu egingo dira, eta zazpi kilometro horietan, hirugarren bidea egiteko eremuaren eta autoak pasa beharreko eremuaren artean hormigoizko hesiak jarriko dituzte, lanek irauten duten bitartean langileen segurtasuna bermatzeko.
Bidegi Gipuzkoako Azpiegituren Agentziak jakinarazi duenez, zazpi kilometroko errepide eremua 500 metroka zatituta egingo dituzte lanak. Beraz, erabiltzaileei ahalik eta kalterik txikiena egiteko, 09:00etatik 17:30era moztuko dute errepidea.
Etzi, 09:00etan, Bilborako norabidean, ezkerreko bidea (azkarra) moztuko dute, Aritzeta inguruan eta 500 metroko eremuan. Hurrengo egunean, asteartean, toki bereko eskuineko bidea itxiko dute. Lehenengo, beraz, egunero-egunero, Bilborako norabidean, 500 metroko eremuan, egingo dituzte lanak. Donostiarako norabideko lanak, berriz, urtarrilaren 22an hasiko dituzte, modu berean.
Orio eta Aritzeta arteko hirugarren bideko lanak, bigarren fasean
Etzi hasiko dira lanak, eta bi hilabeteko epea dago A-8ko zati horretako zazpi kilometroko lanak egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu