Ehunka lagun bildu dira gaur eguerdian Orion Amaia Azkueren hilketa salatzeko elkarretaratzean. Asteazkenean zendu zen Azkue (Orio, 39 urte), ustez kolpeak jasota. Azpeitian topatu zuten gorpua, Ibaieder urtegian, eta Ertzaintzak jakinarazi zuen aurpegian eta buruan kolpe gogorrak zituela.
Orioko Udalak deitu du gaurko bilkurara, eta bertan izan dira Azkueren senide batzuk; haien artean, ahizpa bat. Jon Redondo Orioko alkatea, Jon Urien Zarauzkoa —han egiten zuen bizimodua Azkuek—, Antonio Arruti Getariako alkateordea —han bizi zen biktima— eta Maite Etxaniz Gipuzkoako Gizarte Ekintzarako diputatua ere izan dira elkarretaratzean, besteak beste.
Orioko alkateak Ertzaintzari eskatu dio "lehenbailehen" argitu dezala gertaera, "batik bat, familiaren lasaitasunerako".
Ustez Amaia Azkuerena den autoa topatu zuen atzo Ertzaintzak, Azpeitian, Loiola auzoan. Poliziak dio gurpil inguruetan belarra eta lokatz arrastoak zituela ibilgailuak; urtegikoak izan daitezke. Herritar batzuek esan dute ustezko hiltzailea asteazken arratsaldean Aratz-Erreka Azpeitiko auzoan ikusi zutela, edukiontzietara autoko zerbait botatzen eta iturri batean eskuak garbitzen.