Guardia Zibilak astearte gauean Orion (Gipuzkoa) atxilotu zituen Blanca eta Maribel Bruño Azpiroz ahizpak baldintza gabe espetxeratzeko agindu du Garzon epaileak. Garzonen arabera, 6.000 euro ordaindu zizkieten ahizpek ETAri "beren borondatez", eta, horrenbestez ETAri laguntzea leporatu die.
Astearte gauetik inkomunikatuta egon ondoren, gaur goizean eraman dituzte bi ahizpak epailearengana. 2003an eta 2005ean iraultza zerga eskatuz ETAren bi gutun jaso zituztela agertu diote Garzon epaileari, baina gutunak jaso eta hautsi egin zituztela ziurtatu dute; hots, ez zutela iraultza zerga ordaindu.
Garzon poliziaren agirietan oinarritu da kartzelatzea agintzeko, berriki Bordelen (Frantzia) atxilotu zituzten ustezko ETAko buruzagitzako kideei atzemandakoetan. Era berean, bi ahizpak "ideologikoki ETAtik hurbil" daudela argudiatu du kartzelatzea agintzeko autoan; "hurbiltasun ideologikoa" eta aske utziz gero ETAri laguntzen jarraitzeko "bidea zabalik" dutela.
Dolores Delgado fiskalak ere baldintza gabeko espetxeratzea eskatu du deklarazioa entzun eta gero. Blanca eta Maribel Bruño Azpirozek "ihes" egin eta "justiziaren lana oztopa" dezaketela argudiatu du fiskalak eskaera hori egiteko.
Bi ahizpen familiak itsaski eta kontserba enpresa bat du Usurbilen. Bietako batek, Blancak, enpresa horretan lan egiten du; bestea, Maribel, irakaslea da Zarautzen.
IRIZPIDE DESBERDINAK. Bi oriotarrak atxilotu eta espetxeratu egin badituzte ere, Auzitegi Nazionalak ez du beti berdin jokatu iraultza zerga delakoarekin lotura izatea egotzi dien pertsonekin. Batzuk inputatuta deklaratzera deitu izan ditu, beren kabuz joatea eskatuta, eta beste batzuk atxilotuta eraman ditu.
Fernando Grande Marlaska epaileak Parisko Laurence Le Vert epailearekin batera 2006ko ekainaren 20an abiatu zuen polizia operazioan nahastutako lagunekin irizpide desberdinak erabili zituzten, esate baterako. 12 lagun atxilotu zituzten hasieran, eta haietako hiru aske utzi. Hiru egun beranduago Azysa enpresako bi bazkide atxilotu zituen, iraultza zerga ordaintzea egotzita. Aske utzi zituzten hiru egun inkomunikatuta eduki ostean. «Biktimak borrero» bilakatzea egotzi zioten orduan alderdi gehienek epaileari.
Bitartekari izatea egotzita Gorka Agirre ere inputatu zuen, EAJren EBBko kide zen garaian, baina hura ez zuen atxilotu, eta deklaratzera joateko agindu zion. Grande Marlaskak aginduta beste lau lagun ere atxilotu zituzten operazioa hartan, haien artean Diario de Noticias taldeko bi egunkariren zuzendari Pablo Muñoz. Garzonen esku dago orain auzi hori.
2005eko urrian Auzitegi Nazionalean deklaratu zuten Juan Mari Arzak, Pedro Subijana, Karlos Argiñano eta Martin Berasategi sukaldariek ere. Haiek ez zituzten atxilotu. Fernando Andreu epaileak inputatuta deitu zituen deklaratzera Arzak eta Subijana, iraultza zerga ordaintzea egotzita eta Argiñano eta Berasategi lekuko gisa.
Fiskalak auzia artxibatzeko eskatu zuen gero, eta halaxe egin zuen epaileak. Sukaldarien kontra ustezko etakide batek inkomunikazio garaian egindako deklarazioa besterik ez zegoen. Eta gainera, deklarazioak torturapean eginak zirela salatu zuen ustezko etakide horrek.
Sei hilabete lehenago, 2004ko apirilean, Garzonek Nafarroako Azkoyen enpresako Administrazio Kontseiluko lau kide ohi deitu zituen deklaratzera. Iturri judizialek orduan zabaldu zutenez, 37.000 euro ordaindu izana aitortu zuten eta hogeina mila euroko bermea ezarri zien epaileak aske gelditzeko. Enpresariek epaileari esan zioten «beldur» zirelako ordaindu zutela.
Lehenago ere izan ziren enpresaburuak Auzitegi Nazionalean deklaratzen. 1986an, Zokoan (Hendaia), ETAren arma biltegi bat aurkitu zuten eta ustez bertan atzemandako dokumentazioa oinarri hartuta, Carlos Bueren epaileak hainbat enpresaburu deitu zituen deklaratzera. Segurtasun arrazoiak argudiatuta ez zen enpresaburu horien izenik zabaldu. Haien kontrako neurririk ez zuen hartu epaileak.
Atxiloketak
Orion atxilotutako bi ahizpak baldintza gabe espetxeratzeko agindu du Garzonek
ETAri "beren borondatez" 6.000 euro ordaintzea leporatu die. Blanca eta Maribel Bruño Azpirozek ETAren =i iraultza zerga=i eskaera jaso zutela agertu dute, baina ez zutela oraindu ziurtatu dute epailearen aurrean. Bi ahizpak "ideologikoki ETAtik hurbil" daudela iritzi dio Garzonek autoan, espetxeratzea argudiatzeko. Blanca Bruñok familiaren enpresan lan egiten du eta Maribel Bruño irakaslea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu