Ormazabalek dio errauste planta finantzatzeko lortu duten ituna «aparta» dela

Zaborren kudeaketa finantza erakundeen menpe uztea salatu dute Aralarrek, Ezker Batuak eta Alternatibak

ainara arratibel gascon
Donostia
2011ko martxoaren 11
00:00
Entzun
«Lortutako akordioa aparta da. Nahiko luke edozein erakundek halako akordio bat lortzea». Gipuzkoako Ingurumen diputatu eta Hondakinen Partzuergoko lehendakari Carlos Ormazabalek hala defendatu du proiektua kudeatzen duen GHAK elkarte anonimoak Zubietako errauste planta finantzatzeko Europako Inbertsio Bankuarekin, Caixarekin eta eta Banestorekin lortutako hitzarmena. Eta nabarmendu duHondakinen Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketarako Plan Nagusian (PIGRUG) jasotzen dena bermatzea lortu nahi dutela finantza erakundeekin lortutako akordioekin. Gainera, ukatu egin du udalen eta mankomunitateen autonomia urratu dela.

Ormazabalek agerraldia egin zuen atzo Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Finantzaketari dagokionez, Ormazabalek zehaztu du inbertsio osoa 378 milioi eurokoa izango dela. Horrekin batera, beste bi diru kontu izan behar direla azaldu du: bata lehen urteko ordainketak ziurtatzeko, eta bigarrena bestelako operazioetarako. Hala, kostu osoa 432 milioi eurokoa izango dela azaldu du.

Finantzaketa beharra 274 milioi eurokoa da, Ormazabalen datuen arabera. Europako Inbertsio Bankuak (EIB) 195 milioi euro jarriko ditu, eta Caixak eta Banestok 68 milioi euro bakoitzak. Euriborrarekiko margena, berriz, %1,40 izango da BEIren kasuan, eta Caixa eta Banestoren kasuan, %2,5. «Ea norbait gai den halako finantzaketa on bat lortzeko?». Gainera, Ormazabalek esan du operazioak ez duela ez Gipuzkoako Foru Aldundiaren ezta udalen nahiz mankomunitateen bermeen beharrik ere izan. «Interes tasak merkatuko baxuenak dira, eta ez da bermerik behar izan».

Finantza erakundeekin hartutako konpromisoei dagokienez, adierazi du mankomunitateei ezartzen zaien obligazio bakarra hauxe dela: partzuergoaren tarifa ordaintzea eta estatutuak betetzea. «Hortik aurrera, partzuergotik edozein atera daiteke. Izan ere, bertako kide izatea ez da derrigorrezkoa». Gainera, gogorarazi du udalak izan zirela beren eskumenak mankomunitateen esku utzi zituztenak.

Hartutako beste konpromisoei dagokienez —GHAKren estatutuak ez aldatzea eta hondakinak eraikiko diren azpiegituretara eramango direla bermatzea, besteak beste—, Ormazabalek nabarmendu du helburua PIGRUG edo hondakinen inguruko planean jasotzen dena bermatzea dela.

Egun Lapatxeko konpostatze plantak 2.300 tona zabor organiko jasotzeko gaitasuna duela onartu du. «Baina etorkizunean handitu eta estali egingo da. Hala, 15.000 tonarako gaitasuna izango du. Gainera, gogorarazi nahiko nuke onartu berri den Espainiako Hondakinen Legeak ez duela behartzen zabor organikoa bereizita jasotzera. Iaz bereizita 4.000 tona zabor organiko jaso zirela kontuan hartuta, ez du zentzurik konpostatze planta gehiago eraikitzeak. Zer egingo dugu, hutsik eduki?», adierazi zuen BERRIAren ale bat eskuetan. Izan ere, BERRIAk azken asteetan aterako hainbat artikulu hizpide izan ziren atzoko eztabaidan. Ormazabalek adierazi du, gainera, zabortegira botatzen denorganikoa %1 baino ez dela. «Plantaren danborretan tratatu ezin den materia organikoarekin pilak osatu, eta konposta egiten dugu».

Kritikak akordioari

Aralarrek eta Ezker Batuak gogor kritikatu dute finantzaketa ituna. Mikel Izagirre batzarkideak salatu du kostua 500 milioitik gorakoa izango dela. «Kontratuetan bertan esaten da hori: 476 milioi gehi BEZa». Hortik harago, Izagirrek kezka azaldu finantza erakundeekin hartutako konpromisoek dakartzaten «betebeharrengatik». «Akordioa ezin hobea da, baina zein baldintzarekin? Bada, zaborren kudeaketari buruzko erabakiak finantza erakundeen esku uztearekin. Udalak eta mankomunitateak lotuta geratzen dira». Gainera, gogorarazi du aurreikusitako hondakin kopurua baino gutxiago eramaten bada errauste plantara tarifak igo egingo direla. «Zenbat ordaindu beharko dute gipuzkoarrek? Hor dago gakoa». Eraikiko diren azpiegiturak ere ez daudela zehaztuta gaineratu du. «Hasieran hiru konpostatze planta eraikiko zirela esan zuten. Orain,Lapatxekoa bakarrik handituko dutela. Zein dira finantzatuko diren azpiegiturak?».

Kopuruen inguruan izandako «dantza» salatu du Alternatibako Ander Rodriguezek. «Eta ez dakigu non amaituko dugun, aldi bakoitzean igo egiten baita kostua. Horri, gainera, interesak gehitu beharko zaizkio». «Larriena», hala ere, hartu diren konpromisoak iruditu zaizkio. «Hipotekatu dituztena subiranotasuna eta autonomia dira».

EAJk, EAk, Hamaikabatek eta PSE-EEk, berriz, GHAK zoriondu dute akordioagatik: «Abantaila handikoa da Gipuzkoarentzat, eta lor zitekeen onena», nabarmendu du Hamaikabateko Luis Mari Oiarbidek. Berme ekonomikorik ez jarrita, EAJko Arrate Albizu batzarkideari «normalak» iruditzen zaizkio bankuen baldintzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.