Aralarrek Gipuzkoako Batzar Nagusietan duen taldeak Carlos Ormazabal Ingurumen diputatuaren agerraldia eskatu du, bereizita jasotzen diren hondakin organikoekin egiten diren urratsen berri eman dezan. Aste honetan BERRIAk argitaratu du Gipuzkoan bereizita jasotzen diren hondakin organikoen % 40 zabortegietara bideratzen direla, eta, hori dela eta, «kezka» agertu du Rebeka Ubera batzarkideak: «Foru diputazioaren ahotik entzun nahi dugu hedabide batean azaldutako datu horien gainean egiten duen balorazioa». Uberak gaineratu du hala balitz «oso jokabide larria» izango litzatekeela Ormazabalena: «Jakin nahi dugu informazio horretan jasota dauden datuak egiazkoak diren ala ez eta, horrela balitz, diputazioak zein urrats eman behar duen erabat onartezina iruditzen zaigun egoera konpontzeko».
Martxoaren 20an flash-mob bat egingo dute Zubietan (Donostia), bertan eraiki nahi duten errauste plantaren kontra. Dantza saio «erraldoia» iragarri dute antolatzaileek, herriz herri entseguak egiten ari baitira, arrakastaz. Dantza saioa 13:30ean egingo dute, baina hiru ordu lehenago hasiko dira entseguekin. Antolatzaileek «2.000 gipuzkoar» elkartu nahi dituzte egun horretan Zubietan.
Usurbilen 2009ko martxoaren 16an hasi ziren atez ateko hondakinen bilketa egiten, eta 2. urtemuga baliatu nahi du Gipuzkoa Zero Zabor plataformak sistema horren alde egin eta Zubietako errauste planta ez eraikitzeko eskatzeko: «Zubietako erraustegia ezkutatu nahi dute. Donostian jarri dute, baina atzeko gelan, Zubietan, inork ikus ez dezan».
Ormazabalen agerraldia eskatu dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu