Ormazabalen dimisioa eskatu dute atez ateko bilketa egiten duten udalek

Oiartzun, Usurbil eta Hernaniko alkateek gaika jasotako hondakin organikoekin egindako «iruzurra» salatu dute

arantxa iraola
Usurbil
2011ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
«Larria da gertatzen ari dena». Usurbil, Oiartzun eta Hernaniko alkateek Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapen Iraunkorreko diputatu Carlos Ormazabalen dimisioa eskatu dute. Gipuzkoan bereizita biltzen den hondakin organikoaren %40 zabortegira botatzen dela salatu dute, eta hori herritarrei «iruzur» egitea dela ohartarazi dute. Carlos Ormazabalen dimisioa testuinguru horretan eskatu dute, haserre.

Usurbilgo udaletxean batera azaldu ziren, atzo, prentsaren aurrean, Usurbilgo alkate Xabier Mikel Errekondo, Hernaniko alkate Marian Beitialarrangoitia eta Oiartzungo alkate Aitor Etxeberria. Izan ere, hiru udalerriok aparteko ahalegina egiten ari dira azken hilabete hauetan hondakinen atez ateko bilketa egiteko. Gipuzkoako Diputazioaren partetik ez dutela inolako sostengurik jaso diote, ordea. Hilabeteotan 5.000 tona hondakin organiko igorri dituzte Lapatxeko (Azpeitia) konpostatze plantara. Eta ordainean ez dute deus jaso. «Konpost gramo bakar bat ere ez», azaldu du Errekondok.

Konpostatze planta hori gainezka eginda dagoela adierazi dute atez atekoan diharduten udaletako ordezkariek, eta bildutako hondakin organikoaren %40 zaborretara botatzen dela, konpost bihurtu ezinik. «Herritarren esfortzuak errausten ari dira», azaldu du Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkateak. Ildo horretan, gogor salatu du Gipuzkoan konposatze planta gehiago egiteko plangintza bertan behera geratu izana ere.

«Irainak» baino ez

Birziklatzearen alde Gipuzkoako Foru Aldundiak egin dituen adierazpen guztiak «gezurra» direla diote Oiartzungo, Usurbilgo eta Hernaniko udal ordezkariek. Diputazioak ahalegin denak errauste plantaren egitasmoaren inguruan egiten dituela diote. «Bosgarren edukiontzia itxura egiteko baino ez du erabili», azaldu du Beitialarrangoitiak. Bitartean, atez atekoaren aldeko udalek «irain eta oztopoak» baino ez dituztela jaso kritikatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.