Eskuliburukoa da Muskiz eta Artxandako atentatuekin batzuek egin zutena.
Bi atentatu, biak jarduteko modu berarekin, denbora tarte txikiarekin, eta inolako arrastorik utzi gabe. Testuinguru berezi batean, Europako hauteskundeetako kanpainan. Zauritu bat Artxandan, eta bi Muskizko hondartzan.
Berehalako hartan duda handiak sortu zituzten atentatuek, ezohikoak zirelako. Bi diru zorro lurrean eta hondarrean utzita, inolako abisurik, eta helburu zehatzik gabe. Horrelaxe adierazi zuten aurreneko une haietan buruzagi politiko askok eta Atutxa sailburuak.
ETAri leporatu zizkion Jaurlaritzak atentatuak, baina egileak beste batzuk izan zitezkeen hipotesia erabat baztertu gabe. Hori izan zen Jaurlaritzaren irizpidea igandetik asteazkenera, maiatzaren 29tik ekainaren 1a bitartean hain zuzen.
Zer gertatu zen asteazken horretan, Madrilen, Bellochek eta Atutxak egin zuten bileran? Zergatik ordura arte oso sofistikatua zena arrunt bihurtu zen egun gutxiren buruan? Zer adostu zuten Espainiako Barne ministroak eta Jaurlaritzako Barne sailburuak? Bilera harrezkeroztik tesi bakarrari heldu zion, ofizialki behintzat, ikerketaren ardura hartu zuenak, Ertzaintzak alegia.
Ardanza lehendakariak oso baieztapen kategorikoak egin zituen, dudari inolako zirrikiturik utzi gabe: "Segurtasun morala daukat ETA eta haren umetxoak izan direla. Segur aski ez dute bere gain hartuko. Jarraik egiten dituenak ez dituelako ETAk bere egiten". Arrazoia zeukan orduko lehendakariak, ETAk ez zituen bere gain hartu atentatu haiek. Zergatik esan zuen hori Ardanzak? Bazekien ordurako ez zela ETA izan, edo azpiko arduradunek ezkutatu egin zizkioten esku artean zerabiltzaten informazioa eta dudak?
Atutxak, hipotesi bakarrari indarra emateko, ohi zuen mintzaira erabili zuen: "Ertzaintzako espezialistek egindako analisi zehatzek...".
Egiaren bila zebilenak aurkituko zuen, nahi izanez gero. Nahi zuenari orduan Espainiako Barne Ministerioan goren mailako ardura zuen batek esango zion lehergailu haiek, politikoki, Bellochen talde berriari jarritakoak zirela. Alegia, egileak ez zirela oso urruti ibiliko ministerio horretan aurretik egondako arduradunengandik. Zergatik jarri zituzten lehergailuak orduan? Zergatik horrela? Abisu bat ministerioa garbitzera iritsi berria zen ekipoari. Halako "kontuz zertan zabiltzaten, eta orain hau jan ezazue".
Baina ez zen komeni ETA izan zen hipotesia dudan jarriko zuen ezer egitea. ETAren egiletza oso erabilgarria zen, Europako hauteskundeak ziren eta Karmelo Landa eta HBren hautagaitza higatzeko oso probetxugarria.
Handik hilabete gutxira, Bizkaia komandoa atxilotu eta gero, azken urteetan ETAk Bizkaian egindako atentatu guztien egileak, 36 atentatu, atxilotu zituela jakinarazi zuen Atutxak. Bi atentatu ez zizkieten leporatu atxilotutakoei:
Muskizkoa eta Artxandakoa. Kasualitatea, kausalitatea ezinezkoa den erresuman.
Bi kontu argitu behar dira oroimenaz horrenbeste hitz egiten den garaiotan. Nork egin zituen atentatu horiek, eta nola jokatu zuten orduan ikerketaren arduradun operatibo eta politikoek; Eusko Jaurlaritzakoek batik bat, ikerketa haien esku egon zelako eta dagoelako.
Egileak nortzuk izan ziren jakiteko, nagusiki, bi bide daude: ikerketa eta delazioa. Aurrenekoa zaila dago, zaila dagoenez; baina orain arte egin dena baino gehiago egin beharko da.
Bigarrengoan, orduko Jaurlaritzaren jokabideaz zer aztertua badago, Belloch-Atutxa bileratik hasita. Orduko arduradunek argitu beharko dituzte esandakoen oinarria eta intentzionalitatea. Erraza da bestei leporatzea helburu partidista eta elektoralista eman nahi dietela atentatuei.
Eta ordukoak egiten duenaz gain, oraingo Jaurlaritzak badu lana, besteei eskatzen dienarekin kontsekuentea baldin bada. Iraganaren zinezko azterketa eskatu berri diete batzuei. Norberak etxetik hastea bezalakorik ez dago sinesgarri izateko.