Iñigo Iturratek (EAJ), Mikel Unzaluk (PSE-EE), Mikel Aranak (Ezker Anitza-IU) eta Aintzane Ezenarrok Oroimenaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortzeko lege proposamena erroldatu dute gaur Eusko Legebiltzarrean. "Hilabeteetako lanaren emaitza" da proiektua, esan dutenez, "Euskadin bizikidetza lortzeko behin betiko pausoa" emateko.
Egitasmoak ez du PP, EA, Aralar eta UPDren babesik.
"Etorkizunera begirako ekimena da", esan du Iturratek, "betiere gertatutakoa ahaztu eta estali gabe. Bortxakeriaren istorioak estali izan direnean, gauzak ez dira ondo itxi eta ez dira ondo bukatu".
"Memoria barneratzailea" bultzatzeko xedea dutela esan dute, "eta herri honetan azken 40-50 urteetan izandako giza eskubideen urraketa guztien salaketa" egingo dutela. Hots, "ETArena eta beste talde terroristena, diktadurarena eta agintearen gehiegikeriena".
Aralarrek azaldu du bere ustez "presa" izan dutela institutua sortzeko lege proposamena aurkeztean. "Bakearen eraikuntza, bake iraunkorraren eraikuntza, zeregin arduratsu eta benetan serioa da. Orotariko lanak adostasun zabalak exijitzen ditu. Alderdikeriatik eta pertsonalismotik kanpo. Presa gabe, epe luzera, eta etorkizunera begirakoak. Eta, alde horretatik, gaur egun, alderdien arteko harremanak oraindik ere normalizatu gabe daudenean, eta ondorioz bazterketarik gabeko elkarrizketa oraindik orain bideratzeko ezintasunak eta oztopoak daudenean, biktima guztien errekonozimenduaren ibilbide instituzionala bukatu barik dagoenean, presatsua iruditzen zaigu Oroimenaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortzeko lege proposamena".