Memoria historikoa

Oroimenaren lurrean ereinaz

Frankistek 1936an Hernaniko hilerrian fusilatutako pertsonei omenaldia egin diete. Urte hartan atxilo eraman eta desagertutako herritarren senideak ere hilerrira joan dira. Bideoa: Hernaniko omenaldia (Gorka Rubio / Argazki Press)  [youtube]https://youtu.be/xOKrwURD4bw[/youtube]

urtzi urkizu
2016ko azaroaren 6a
12:40
Entzun

Fusilatzean bat da hiltzaile / isiltasunean, denak». Amets Arzallus kantari, Joxan Goikoetxearen soinua lagun. «Ta zein zaila den gogoratzea/ egia bere lausoan». 1936ko udazkenean, berrehun pertsona hil zituzten frankistek Hernaniko (Gipuzkoa) hilerrian. Toki berean, fusilatutakoei omenaldia egin zieten atzo, Hernaniko Udalak antolatuta. Luis Intxauspe Hernaniko alkateak tokiari egin zion erreferentzia: «Epaiketa gabeko exekuzio gune bihurtu zuten leku hau». Ondarretako (Donostia) kartzelatik eramaten zituzten presoak.

Fusilatutako horietako bat Hipolito Berasategi izan zen, eta haren alaba, Pepi Berasategi, Hernaniko hilerrira joan zen atzo: «Aitak fabrika batean egiten zuen lan. 1936ko urriaren 29an harrapatu, eta kartzelara eraman zuten guardia zibilek. 21 hilabete nituen nik orduan. Azaroaren 7an, ama aita ikustera joan zen, eta etxera bidali zutela esan zioten». Ez zuten berriro ikusi.

Oso hunkituta mintzatu zen Jose Mari Aristegi —haren aita, Julian Aristegi, frankistek atxilotu eta desagerrarazi zuten—. «80 urte daramatzagu aitaren bila. Etxean atxilotu zuten, Donostian, emaztearen eta bost seme-alaben aurrean, delitu eta kargurik gabe. Aitak ez zuen afiliazio politikorik, ez sindikalik». Bizirik dira bost seme-alabak, eta galdera bera egiten dute etengabe: «Non dago gure aita? Ez dakigu ezer; ez dugu sosegurik».

Maria Teresa Lassallek ere ez daki aita non duen: «Aita ferratzailea zen, eta Donostia aldeko baserrietan ibiltzen zen zaldiak eta behiak ferratzen. 41 urte zituela atxilotu zuten: Guardia Zibilaren kuartelera eraman zuten, eta, 80 urteren ostean, ez dakigu non dagoen».

«Beste bake bat ereingo dugu/ oroimenaren lurrean», amaitu zuen azken bertsoan Arzallusek. Fusilatutakoak oroitzeko, Carlos Lopez de Ceballosen Argi-horma eskultura jarri zuten hilerrian duela hamar urte. Haren parean egin zuten agur dantza Ttarla taldeko kideek. Aterki artean, lore eskaintza ere bai.

«Egia jakiteko beharra»

Frankismoaren errepresioa jasan zutenen senide ugari bildu ziren Hernaniko hilerrian. Errenteriako (Gipuzkoa) Jose Luis Insaustik urteak daramatza Esteban Insausti Zuzuarregi osabaren bila. 101 urte beteta, han zen Hernaniko Ignacia Altolagirre ere: «Badakit frankistek non hil eta non lurperatu zuten anaia».

Irati Sarasuak eta Jon Odriozolak aurkeztu zuten ekitaldia. Odriozolak hilerrian 1936ko udazkenean gertatutakoa oroitu zuen, handik gertu bizi zen herritar baten lekukotza baten bitartez: «Fusilamenduak hilerri sarreran hasi orduko, bi pertsonak guardia lanak egiten zituzten, eta ez zuten inor sartzen uzten. Beste bik zuloak egiten zituzten. Hilerritik bueltan, zapatak odolez bustita ekartzen nituen etxera». Odolez bete zen auzoa, hilabete haietan «izua lege» bihurtzeraino, eta «laino beltzak» denbora luzean iraun zuen. 

Duela 80 urte bizitakoa ezagutzea ezinbestekotzat jo zuen Hernaniko alkateak: «Egia jakin behar dugu, ondoren justizia egin ahal izateko, eta eragindako mina erreparatzen saiatzeko». Ildo beretik mintzatu zen Gipuzkoako Diputazioko Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendari Maribel Vaquero: «Memoriarik gabe, ez dago identitaterik; identitate kolektiborik gabe, ez dago gizarterik, ezta herririk ere». Eusko Jaurlaritzako Gogora institutuaren zuzendari Aintzane Ezenarro ere ekitaldian izan zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.