Orain obra hondakinez bete nahi duten Atxarte bera Euskal Herrian azken hamarkadetan gertatutako borroka ekologista irudimentsu eta arrakastatsuenetako baten lekuko izan zen 1990ko hamarkadan. Urkiolako natur parkeko txoko dotorean egiten ari ziren kaltearekin kezkatuta, eskaladanaritzen ziren mendizaleek bultzatuta Urkiolaren Aldeko Batzordea eratu zuten 1990. urtean. Taldearekin bat egin zuten hainbat mugimendu ekologistek eta Gerediaga elkarteak.
Harrobiko leherketak geratzeko zer egin zitekeen eztabaidan ari zirela, hormetatik hamaka bat zintzilikatzea bururatu zitzaien. Bururatu eta egin. 1990ko udazkena zen, eta mendizalez betetako hamaka paretik zintzilikatzearekin batera hiru gutun igorri zituzten: Espainiako Gobernuaren Bizkaiko Ordezkaritzara bat—leherketen baimenaren azken erantzule Guardia Zibila zelako—Eusko Jaurlaritzari beste bat, eta Abadiñoko Udalari azkena.
Gutunean aipatu zieten Urkiolako natur parkea ez zela bateragarria harrobiekin, eta ingurumena babesteko pertsonez betetako hamaka bat jarri zutela menditik zintzilik. Horrela, dei egin zieten agintariei leherketak geratzeko. Ekimena bultzatu zutenen harridurarako, estrategiak funtzionatu egin zuen.
Urkiolaren Aldeko Batzordeko garaiko eledun Edu Gomezek honela laburbildu du zer sentitu zuten gutunen erantzuna jaso zutenean: «Ohartu ginen izugarrizko arma genuela esku artean».
Horrela, erresistentzia gunea antolatzeari ekin zioten. Hamakaren txandak egin, kanpoko eskalatzaileen harrera gunea martxan jarri, gero eta arreta handiagoz hurbiltzen ziren hedabideei informazioa eman... Borroka zabaltzen joan zen, eta une batez bi hamaka ere egon ziren zintzilik Atxarteko hormatik. Gehien iraun zuenak 125 egun egin zituen segidan. Alabaina, Juan Mari Atutxa Eusko Jaurlaritzako Barne Sailera iristearekin bat, Ertzaintzak gogor jo zuen bertan zeudenen aurka. «Ohartu ziren erakargarritasun handia zuela gure borrokak, ezin gintuztelako lotu ezker abertzalearekin, ideologikoki aniztasun handiko mugimendua zelako gurea, kutsatu gabea»... Freskotasuna zerion borrokari, eta horri zor zaio eduki zuen arrakasta, Gomezen aburuz. «Mugimendu ekologistaren barruan garaiko garaipen bakarrenetakoa izan zen Atxartekoa», zehaztu du.
Izan ere, nahiz eta hamakak kendu eta harrobi inguruak hustu, iritzi borroka irabazia zuten eskalatzaile eta ekologistek: harrobia eta natur parkea ez ziren bateragarriak. «EAJko agintariak ere ohartu ziren horretaz», dio Gomezek. Hala, harrobia berreskuratzeko ideialehiaketa antolatu zuten 1991n. 1992an jarduteko baimena bukatu zitzaien enpresei, baina 1994ra arte hainbat leherketa egin zituzten. 1995etik, ordea, ez da harri gehiago atera Atxartetik.
Orain harriak sartzea planteatzen ari dira, eta Gomezek behintzat ez du gogoko Adifen plana: «Ingurua berreskuratzeko 20 urtean ez dute ezer egin, eta berriro aitzaki hori erabiltzen ari dira ingurumenaren aurkako beste eraso bat estaltzeko». Izan ere, Gomezek argi dauka natur parkea berriro ere «arriskuan» dela, Atxarteko hormetatik zintzilikatu ziren garaian bezalaxe. «AHTa ingurumenaren eta ekonomiaren aurkako eraso larria da. Urkiolaren magal horretatik pasatzea astakeria itzela da. Eta garbi dago ingurua berreskuratzearen azpian dirua aurreztu nahia dagoela. Izan ere, milaka tona lur hondakin aterako dituzte, eta bertan utziz gero kamioiengarraioan diru asko aurreztuko dute. Ziur hori dagoela gai honen azpian».
Oroimenaren talaiatik
Eskalatzaile eta ekologistek borroka ikusgarria egin zuten Atxarteko harrobiko hormatik zintzilik 1990ko hamarkadan. Ingurunea ustiatzeari utzi behar izan zioten enpresek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu