Oroitz Gurrutxaga Gogorza (Errenteria, 1981) eta Xabier Aranburu Sagarminaga (Ondarroa, 1979) ustezko etakideak Baionako polizia etxetik Parisera eraman dituzte arratsaldean, epailearen aurretik pasatzeko. Igandean atzeman zituen Frantziako Poliziak, Caunan (Akitania). Atxiloaldia gehienez ere 96 ordukoa izaten da Frantziako Errepublikan.
Ustez auto batean zihoazela atxilotu zituzten. Autoak matrikula faltsua zeukala esan zuen Poliziak, eta biek armak zituztela.
Espainiako Auzitegi Nazionalak Aranburu estraditatzeko eskatu dio Frantziari, ustezko delitu kasu batzuengatik. Segi gazte erakundeko kide izatea eta 2000-2005 artean kale eraso batzuetan parte hartzea egozten diote, batetik. Ondoren, ETAko Kresala komandora pasatu zela dio auzitegiak, eta erakundeak 2005ean Avilan (Espainia) egindako atentatu baterako furgoneta bat utzi izana.
Halaber, Fiskaltzak Auzitegi Nazionalari eskatu dio Frantziari Gurrutxaga Espainiaratzeko galdegiteko, kale erasoak egitea eta jendaurrean ETAko kidea dela esatea leporatuta.
Polizia iturriek diotenez, Gurrutxagak 2008an egin zuen ihes etxetik. ETAko talde militarreko buru jo dute. Aranburuk etxetik 2010ean alde egin zuela esan dute iturri haiek, eta Gurrutxagaren laguntzailea zela ETAko talde militarrean.
ETAk iazko urriaren 20an esan zuen behin betiko bukatu duela jarduera armatua.