Ortuzar: "Erabakitzeko eskubidean sinesten duen edozein herritar bezala joango naiz"

2014ko ekainaren 5a
14:38
Entzun

Gure Esku Dago-k iganderako deituriko giza katean parte hartuko dute EAJko zenbait kide ezagunek, Euzkadi Buru Batzarreko buruarengandik hasita. Andoni Ortuzarrek El Correo egunkarian iragarri du bertan egongo dela, eta parte hartzea baieztatu dute, besteak beste, Joseba Egibar GBBko buruak eta Markel Olano Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaileak.

"Erabakitzeko eskubidean sinesten duen edozein herritar bezala joango naiz", azadu du Ortuzarrek Radio Euskadin egindako adierazpenetan. EBBko buruak aurrerapausotzat jo du giza katea, baina zehaztu legebiltzarrek izan behar dutela erreferentzia halako eztabaidetan, eta horietan akordioak lortzeko lanean jarraitu behar dela.

Euskadi Irratian aritu zen Egibar, atzo, Gure Esku Dago-ren inguruan. Gogora ekarri zuen alderdiak dinamika horretatik "kanpo" egon direla, eta hala daudela orain ere, irekia delako, eta arreta herritarrengan jarria duela. "Ez genuke politizatu nahi". Bide horretan, argitu zuen alderdikide eta jarraitzaileei ez dietela agindurik eman. Are gehiago, aitortu zuen alderdian ez zutela espero halako indarrik hartuko zuenik, eta Sorturekin ere gai horren inguruan hitz egin dutela esan zuen. "Agenda politikoan ez zegoen aurreikusita halako gizarte mugimendu bat".

Joan den astean, Eusko Legebiltzarrean onartu zuten autodeterminazio eskubidea duela Euskal Herriak. EAJk eta EH Bilduk bat egin zuten horretan. Egibarren esanetan, "gutxienekoak" adostu behar dituzte bi indar politikoek, bidea egiteko. "Aurrez aurre jarri, begiratu elkarri, aitortu zein zertan ibili den, eta helburuak argi baldin badauzkagu, herri honi zein bide orri eskaini behar diogun". Elkarrekiko errespetuaren beharra eta lurraldetasunari eta herrialdeen arteko erritmoari buruzko zalantzak argitu beharra aipatu zuen "gutxieneko" horien artean.

Bakoitzaren lehentasunak

Dena den, beste lehentasun batzuk ere badituztela esan zuen. "Ezker abertzaleak baditu bereak, eta guk ere bai". Euskal presoen egoera aipatu zuen horien artean, esanez Espainiari komeni zaiola "arazo politikoari heltzeko unea atzeratzea", eta horretarako baliatzen duela presoen auzia. Ezker abertzalean ibilbidea ere kritikatu zuen: "Estrategia politiko-militarra amaitu denean, badirudi ate guztiak ireki direla".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.