Andoni Ortuzarrek, Eusko Alderdi Jeltzaleako presidenteak, alderdiaren ohar labur bat zabaldu du Facebooken, ETAren azken adierazpenaren inguruan. Bere hitzetan, euskal gizartea "urteetan hegaletan eraman duen berunaz libratu da" gaur, eta aurrerantzean "askatasun osoz egin dezake hegan". Ildo berean, "Gaur libreagoak gara", idatzi du Itxaso Atuxa Bizkaiko Buru Batzarreko presidenteak Twitterreko bere kontuan.
Gaurkoa iraganari eta etorkizunari begiratzeko eguna dela dio Ortuzarrek: iraganari, "berriro errepika ez dadin"; eta etorkizunari begiratu nahi dio EAJk, "bakean biziko den Euskadiren geroari".
"Urte luzeetan, gehiegitan, ETAri esan diogu euskal hiritarrok beraiengandik espero genuen komunikatu bakarra zela beren disoluzio alde bakarreko, efektibo eta behin betikoa adieraztekoa. Komunikatu hau, azkenean, heldu da".
Gaurkoan, ETAk biktimak izan nahi ditu gogoan Andoni Ortuzarrek gidatutako alderdiak, "zuzenean edo zeharka ETAk sei hamarkada hauetan guztietan eragin duen min bidegabea pairatu duten pertsona guztiak, eta oroimen berbera dedikatu nahi diegu beren senide, lagun eta inguruko guztiei".
Egibar: "Gaur da amaiera. Hori da nabarmendu beharrekoa"
Gaurko egunaren garrantzia azpimarratu du Joseba Egibar Eusko Legebiltzarreko EAJren bozeramaileak ETAren azken adierazpena ezagutu eta gero: "Gaur da amaiera. Hori da nabarmendu beharrekoa. Gero egongo dira ñabardurak, baina ETAren amaieraren aurrean gaude".
"Zorionez, ikustera goaz bertan behera geratzen dela estrategia politiko-militarra", adierazi du. Estrategia horren ondorioak zerrendatu ditu jarraian: "Giza eskubideen urraketak eta bizikidetza haustea; termino politikoetan, Euskal Herriaren ikuspegitik, proiektu abertzale bati dagokionez, ETA existitu izanak kalte estrategikoak ekarri dizkio euskal politikari".
Egibarrek gogora ekarri du ETA "EAJ baztertu eta ordezkatu nahian" sortu zutela 1959an. "Orain, batzuk amaierara iristen direla, besteok lanean jarraitzen dugu herri honen etorkizuna eta ongizatea eraikitzeko lanean". Duela sei hamarkadako testuingurua hartu du mintzagai: "Klandestinitate garaiak ziren. Baina ETA jaio bazen, jaio zen herri honi itxaropena eta borroka eskaintzeko, eta uste izan zuen estrategiarik onena politiko-militarra zela, eta EAJk ez zuela inolako etorkizunik. EAJ ordezkatzeko asmoz jaio bazen, esan dezakegu 59 urte igarota EAJk hemen jarraitzen duela, herri honen zerbitzura".
Gipuzkoa Buru Batzarreko presidenteak 2011n kokatu du ETAren amaieraren hasiera. Haren esanetan, 2011n Sortu sortzeak markatu zuen ETAren bukaera. "Ezker abertzaleak berak dekretatu zuen ETAren amaiera, 2011ko otsailean Sortu eratu zuenean". Eta gaineratu du ETAk borroka armatua uzteko arrazoiak ez zuela funts etikorik izan: "Norbaitek erabaki zuen errentagarritasun politikoko ikuspegitik, ETA bizirik irauteak kalte izugarria zekarrela ordena politikoan, eta behin betiko uztea erabaki zuen".