Goizeko hamarretan hasi da EAJko Aberri Batzarra alderdiko hurrengo presidentea aukeratzen. Bilboko Euskalduna jauregian egin dute bilkura, eta Andoni Ortuzar BBBko presidentea izendatu dute Euzkadi Buru Batzarreko buruzagi datozen hiru urteetarako. 99 bototik 95 jaso ditu Ortuzarrek.
11:45 aldera igo da oholtzara presidente izendatu berria, adierazpenak egitera. "Hunkituta eta eskertuta" jaso du alderdiaren aginte makila, eta azaldu du "EAJ ereduan" sinesten duela, erakundeak gobernatzeko nahiz alderdia bera antolatzeko. Eredu horren adibide gisara, Iñaki Azkuna Bilboko alkatea aipatu du, 2012ko munduko alkate onena izendatu berri dutelako: "Eskerrik asko, Iñaki, zure ereduagatik, zu ere bazarelako EAJ eredua".
Alderdiaren "batasuna eta indarra" defendatu du Ortuzarrek. "Hori da gure sekretua. Gure batasuna gure indarra da, eta beharko ditugu etorkizuneko erronkei aurre egiteko". Bakegintzaz jardun du, eta esan du bere esku dagoen "guztia" egingo duela etorkizun baketsua bermatzeko: "Gure bizitza Euskadi bakean irudikatzea izan da, eta, orain, egiteko garaia da". Ildo horretan, EAJren lehentasuna "beti" pertsonak izan direla nabarmendu du, eta ezker abertzaleari egin dio kritika: "Ez dute bihotzik izan indarkeriako hamarkadetan. Nor dira guri kontuak eskatzeko?".
EAJ "askatasunaren alderdia" dela azaldu du, "erabakitzeko eta bakean bizitzeko askatasunaren" alderdia. Horren harira, erantsi du "euskal nazioa onartzea eta erabakitzeko eskubidea aitortzea" dela EAJren baldintza Espainiako itun konstituzionalera batzeko. "Alde bikotasuna" eskatu dio Madrili.
Ordezkapenerako, bide laburra
Iñigo Urkullu ordezkatuko du hurrengo presidenteak. Hura zen EBBko burua, baina Eusko Jaurlaritzako lehendakari kargua hartu zuelarik, alderdiko presidentea aldatzeko prozesua hasi behar izan zuen EAJk. Bi aukera izan zituen: alderdiko kideek bozkatzea edo Aberri Batzarrak hautatzea. Bigarren aukeraren alde egin du alderdiak. Aurreneko bidetik jota, hautatze prozesua otsailera arte luza zitekeen.
EAJren hurrengo eginkizuna izango da BBBrako beste presidente bat aukeratzea.