udal eta FORU HAUTESKUNDEAK

Ortuzar: "Leialtasunez eta ardura osoz ekingo diogu herrikideek emandako erronkari"

EAJ da Hego Euskal Herrian gehien bozkaturiko alderdia, 360.000 botorekin. Gipuzkoan gorakada nabarmena izan dute jeltzaleek, EH Bilduren kaltetan. Araban (batzarkide kopuruan), Bizkaian, Gipuzkoan, Bilbon eta Donostian nagusitu da. Koalizioak Donostian, Tolosa, Zarautz, Arrasate, Beasain eta Ordizia galdu ditu, besteak beste.

EAJko kideak, tartean Urkullu, Orduzar, Atutxa eta Aburto, garaipena ospatzen, igande gauean. MARISOL RAMIREZ, ARGAZKI PRESS
2015eko maiatzaren 25a
09:56
Entzun

Udal eta foru hauteskundeen emaitzen balorazioa egin du Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak. Pozik, "gogo betez" hartu ditu alderdiak, eta nabarmendu du "lidergo politikoa" aitortu diotela emaitzek. Aurrerantzean adostasunak lortzearen alde mintzatu da: "Gizarte honek akordioak eta hitz egiteko gaitasuna eskatzen ditu".

Ortuzarrek azaldu du tokian tokiko lehen indarrari dagokiola orain elkarrizketak abiatzea: "Errespetatuko dugu zerrenda bozkatuenari dagokiola elkarrizketak hastea". Hala ere, gogorarazi du lehen indarrek gehiengoak osatu behar dituztela gobernura heltzeko. Gasteizen EH Bilduko hautagaiak Maroto alkatetzatik egozteko babesa eskatu duela-eta, "koherentziaz" jokatzeko eskatu du. Nafarroaz ere galdetu diote, eta zalantzan jarri du UPN gai izango ote den gobernua osatzeko adina babes jasotzeko.

PSE-EErekin akordioak egingo dituen ere galdetu diote kazetariek. Ortuzarrek ez du inor baztertu nahi izan negoziazioetatik.

Nabarmen garaile

Udal eta foru hauteskunde hauetako irabazle handia, zalantzarik gabe, EAJ izan da. Araban —botoetan ez du irabazi baina bai batzarkide kopuruan—, Bizkaian eta Gipuzkoan irabazi du, eta bi azken horietan, gainera, baita hiriburuetan ere. "Gu oso pozik gaude", esan zuen atzo Andoni Ortuzar EAJko presidenteak emaitzak ezagutu ondoren. "Euskadi mailan geure burua irabazle ikusten dugu. Lehen aukera gara", esan du. EAJk emaitza oso onak lortu ditu, eta hiru lurraldeetan eta bi hiriburuetan (Bilbon eta Donostian) irabazi du. 

Hego Euskal Herrian gehien bozkaturiko alderdia izan da EAJ, baita Nafarroan Geroa Bairen botoak zenbatu gabe ere —independenteekin osatu du koalizoa EAJk—. EAJren emaitzak adierazgarrienak Gipuzkoan izan dira, non EH Bilduk beherakada handia izan duen. 113.000 boto jaso ditu EAJk eta hemezortzi batzarkide eskuratu ditu. EH Bilduk 103.000 boto eskuratu ditu eta hamazazpi batzarkide. Koalizio abertzalea, gainera, Donostian hirugarren indarra izatera pasa da. Horrez gain, besteak beste, Tolosa, Zarautz, Arrasate eta Ordizia bezalako herriak galdu ditu, eta jeltzaleek orain dela lau urte galdu zuten espazioa berreskuratu dute udal eta foru erakundeetan.

Hasier Arraizek EH Bilduren izenean aitortu du ez dutela lortu jarri zituzten helburuak. Hala ere, 300.000 boto lortu dituztela nabarmendu du. Irabazleak zoriondu ditu, eta gaizki eginikoaz hausnartu behar dutela esan du. Ziurrenik Gipuzkoan jada lehen indarra ez izatea izango da lortu ez duten helburuetako bat.

Araban botoen ia %99arekin botoetan PP da aurretik Biltzar Nagusietarako hauteskundeetan (500 botoren aldea). Batzarkide kopuruan, ordea, aurretik da EAJ. Kike Fernandez de Pinedo EH Bilduko ahaldungaiak adierazi du ziurtatu daitekeela PPk ez duela gobernatuko Araban. Bizkaian botoen %37arekin irabazi ditu hauteskundeak Unai Rementeriak, eta Bilbon gehiengo osoa galdu badu ere, hamahiru zinegotzirekin arazorik ez du izango gobernatzeko.

Parte-hartzeak gora

Arratsaldeko parte-hartze datuak baieztatu egin du eguerdikoak eman duena. Gaurko bozetan parte-hartzea 2011n baino handiagoa izan da Nafarroan. 14:00etan puntu eta erdi handiagoa zen parte-hartzea eguerdian (2011n %39,04 eta 2015ean %40,66), eta arratsaldeko 18:00etarako aldea asko handitu da, zehazki, %2,23. Ordu horretan botoa emateko eskubidea zutenen erdia baino gehiagok eman dute botoa, %55,52k; 2011n %53,39k eman zuen botoa ordu horretarako.

Eguerdian ez bezala, beste hiru lurraldeetan gorabeherak somatu dira arratsaldean. Araban eguerdian ia puntu bat handiagoa zen parte-hartzea duela lau urteko datuekin alderatuta (2011n %33,15, eta 2015ean %34,1). Arratsaldean, berriz, nabarmen igo da, eta 18:00etan %2,66 handiagoa zen: %49,33.

Gipuzkoan ere gauza bera gertatu da: eguerdian %0,6 handiago zen parte-hartzea duela lau urteko datuekin alderatuta. Arratsaldean, ordea, %51,46koa zen (2011n, %48,80). Aipagarria da, Gipuzkoaren kasuan, Donostian izan den gorakada. Arratsaldean %53,21ek eman du botoa, 2011n baino %7,5ek baino gehiagok. 

Eguerdian Bizkaia zen 2011ko datuekin alderatuta parte-hartze txikiagoa zuen lurralde bakarra. Arratsaldean, baina, buelta eman dio joera horri, eta 18:00etarako 2011n baino herritar gehiagok eman du botoa. Eguerdian %34,69koa zen parte hartzea (2011n, %34,81). Arratsaldean, berriz, %49,59koa (2011n, %49,38).

Ia 2.248.757 euskal herritarrek zuten udal eta foru hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea. 09:00etan ireki dituzte bozkalekuak, eta arratsaldeko 20:00ak bitartean izango da epea botoa emateko. Eguna normaltasunez joan da, arazo handirik gabe, eta hautagai ia denek goizean bozkatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.