"'Bat oso ona kontatuko dizut', hasten zen, eta agian zen nola nazien txakurrek norbait txikitu eta hil zuten...". Osaba Marcelinorekin zituen elkarrizketak grabatzen hasi zen Etxahun Galparsoro —historialaria da egun—. Horiekin eta beste hainbat materialekin Marcelino Bilbaoren biografia idatzi nahi luke. Urtarrilaren 25ean hil zen Bilbao, Poitiersen (Frantzia), 94 urterekin.
Osabetako bakoitzak gerra osteari ahal zuen bezala aurre egin ziola dio. "Jose Marik [Agirre], adibidez, etxean ez zuen deus ere hitz egiten; seme-alabek ez zekiten ezer horri buruz. Marcelinok, alderantziz, denbora guztian hori zuen. Behin, gogoratzen naiz, ikastolatik bueltan, pare bat pikorta atera zitzaizkidan, eta esan zidan 'bazen mediku bat Mathausenen pikortentzako onena garagardoa zela esaten zuena'. Dena lotzen zuen hango kontuekin. Hitz egin behar bat zuen... gehiegi. Ez zen isiltzen. Behar zituen bi ordu, hiru ordu... gogaitu egiten zituen ingurukoak".
Noiz hasi zinen osabaren lekukotza gorde behar dela pentsatzen?
Historia ikasten ari nintzen, karrera egiten; lantxo bat egiteko eskatu zidaten, eta hor hasi nintzen. Baina ez nengoen ziur; uste nuen ez nintzela inor. Txikitan ikusi izan nuen osaba kazetariekin, eta uste nuen ez zegoela ezer gehiago egiteko. Eta grabatzen hasi nintzenean, kuriositatea piztu zitzaidan... Urteetan aurrera egin ahala, konturatu nintzen ez zeudela hainbeste kazetari hura elkarrizketatu zutenak, eta ez zegoela lan hori eginda. 1987an, kazetari batek elkarrizketa egin zion, eta orain urte batzuk pasatu zizkidan grabazioak, eta konturatu nintzen garai hartan zein ondo kontatzen zituen osabak bere kontuak. Eta orain izugarrizko pena ematen dit; 18 urte nituenean, osaba grabatzen hasi nintzenean, determinazio pixka bat gehiagorekin, agian gauza nahiko gehiago izango nituen.
Edo, agian, edonola ere izango zenuen sentimendu hori...
Bai, horrela nago... gaurko elkarrizketarako gauzak prestatzen aritu nintzen atzo... Azken hiru urteetan aita gaixo egon da... eta azken urteotan gero eta gutxiago idatzi dut. Nire aita maiatzean hil zen, eta badaramat urtebete idatzi gabe... eta errepasatzen... hau daukat, hau daukat... baina gehiago nahi nuke. Kontatzen dena krudela da, baina krudela izanik ere, hark ez badu kontatzen ez du ematen hain krudela denik. Ez dakit nola esan...
Gordintasun hori, ezta?
Hark negar egiten zuen, eta gordintasuna haren aurpegiak zeukan. Askotan esaten zuen, askotan: "Ezin duzue ulertu; pentsatuko duzue eroa naizela eta ezinezkoa dela kontatzen dudan guztia gertatzea... eta, hala ere, ezinezkoa da guztia kontatzea"... Egia da, beti pixka bat motz geldituko gara.
Marcelinok 16 urte zeuzkan, 36ko gerra hasi eta Isaac Puente batailoi anarkistan sartu zenean.
13 urterekin pistola zeukan...
Anarkista zen.
Ez, ez zen anarkista... Ze zaila den esplikatzeko gizon hau gure ikuspegitik. Ea... erdalduna zen; Alonsotegin jaio zen, baina garai hartan baserritarrak ere bazeuden. Ez zen euskal giroan jaio, baina zerbait jaso zuen; ez zen euskalduna, baina guztiz arrotza ere ez zen. Ez zen abertzalea, baina bat-batean diskurtso abertzale bat ateratzen zizun. Espainiarra zen, baina espainiar errepublikarra. Ez zen komunista, ez zen sozialista, ezta anarkista ere. Pertsonekiko zuen lotura; "hau jatorra da edo ez". Ideologia eta hori... ezkerreko oinarria bazuen, baina hortik aurrera ez zen pentsalaria.
36ko gerran denetik pasatu zuen. Intxorta, Gernika, Bilboren erorketa, Teruelgo bataila, Ebroko bataila... Eta, gerra galduta, Frantziara pasatu eta hainbat kontzentrazio esparrutan egon zen. Saint Cyprien, Argeles sur Mer, Gurs, Septfonds...
Ez dakit Argelesen edo Saint Cyprienen, ez genuen argitu, ikusi zuen bilbotar emakume bati haur jaioberria nola hil zitzaion, ez dakit gosez zen, edo harea irentsita, ze bi eremuak hondartzetan zeuden... Oso gogorra.
Azkenean, frantziarrek Langile Atzerritarren Konpainietan sartu zuten, eta Maginot lerrora eraman. Eta han erori zen armada alemaniarraren eskutan. 20 urte betetzear zela, 1940ko abenduaren 13an iritsi zen Mauthausenera. Kontzentrazio esparruen artean gogorrenetako bat omen zen. Ez zuen zerikusirik frankismo garaiko esparruekin.
Adibidez, Miranda de Ebro eta Orduñako esparruak ere izugarri gogorrak izan ziren, baina ez da berdina, ez gara konturatzen... Berdintzera jotzen dugu, baina nazismoaz ikasi behar dugu hura sufrimendua industrializatzea izan zela. Zelai frankistetan sufrimendua oso handia izan zen, tortura fusilamenduak... Baina ez zegoen nazien esparruetako erokeria absurdo hori.
Marcelinok berak idatzia da: "Eskubide bakarra genuen, haiei gu hiltzen uztea".
Hori da. Norbaitek behin kontatu zidan, kontzentrazio eremu batean egondako psikologo edo antzeko batena: oso oso gaizki zegoela, beldurrez erotzen ari zela, pentsatu zuen, "ni hemen jada hilda nago; orduan, orain nik erabakiko dut nola hilko naizen", eta horrek askatu zuela, lasaitu zuela.
Muturreko irrazionaltasunaren aurrean.
Adibidez, komando batean 50 bat aritzen ziren lanean. Denek, Mauthausenen sartzeagatik, hil egin behar zuten, derrigorrez. Kontua zen zuku pixka bat gehiago atera edo ez haien indarrari, baina hil behar zuten, hori ziur. Orduan, lanean edukitzeaz gain, bazeuden agindu absurdoak, adibidez, 50 horietatik egunero hamarrek gelditu behar zuten jan gabe; zergatik? Hil behar zutelako... Ez zegoen "lan gehiago egiten badut salbatuko naiz" edo halakorik. Zen "lan gehiago egiten badut eta onena banaiz, jan ahal izango dut eta agian hurrengo egunera iritsiko naiz". Hori zen... hurrengo egunera iristea. Egunaren bukaeran barrakoira iristea eta lo hartzea, hortik ihes egiteko ametsetan.
Badago pasarte bat Marcelinoren idatzietan hunkigarri egin zaidana. Nola Mauthausenera iritsi zen gauean, harrobian lan egiten zuen espainiar bat barrakoira inguratu zitzaien Marcelino han zela jakinda. Zure osabak hasieran ez zuen ezagutu Angel Elejalde bilbotarra, 36ko gerran eta Frantziako kanpainetan kide izan zuena. Sei hilabete zeramatzan Mauthausenen, eta zahartua, makurtua, zarpaildua zegoen erabat.
Elejalde... esaten zuen gerran harekin ibilia zela, baina gauza batzuk ez datozkit bat. Ikertzen ibili naiz, eta batailoian ez da ageri; hori bai, Gursen behintzat bai. Osaba hil da bere bizitzako misioa bete gabe: Elejaldek esan zion: "Hemendik bizirik ateratzen bazara —ez zara irtengo, baina—, joan Bilbora eta esan nire familiari nola hil naizen". Eta osabak ezin izan du hori bete. Ibili zen Elejalderen familiaren bila, eta ni ere ibili naiz, duela urte batzuk, eta ez dut inor aurkitu.
Ebenseera eraman zuten 1944an Marcelino —Gusenekoarekin batera kontzentrazio eremuetan izugarrienetakoa zen, eta biak ziren Mauthausengo egituraren barnekoak—.
Gusenen hil zen Elejalde; osabak ikusi zuen kamioian hara zeramatela. Lehen bi urteak pasatu zirenean, espainiarrek antolatuta zeukaten sistema guztia; entxufeen bidez, presoen artean indartsu egin ziren, ardura postuak eskuratu zituzten. Eta jakin zuten Stalingradokoa pasatu zela eta bazekiten alemanak galtzen ari zirela, eta prestatzen hasi ziren. Erresistentzia jada antolatua zegoen presoen artean, eta erabaki zuten nola edo hala espainiar talde bat bidali behar zela Ebenseera, eta horrela joan zen Marcelino, beste bizpahirurekin. Ebenseen jada desberdina izan zen, ze hura zegoen ardura postuetan barrakoietan. Ez zen kapoa, baina sukaldean lan egin zuen, eta hori jada ia salbatuta egotea zen. Ebenseen tunelak egiten zituzten, dinamita lehertu eta presoak abisatu ere ez zituzten egiten; izan ere, horretarako ziren. Osabak esaten zuen hankak eta besoak eta denetik zegoela han.
Estatubatuarrak iristear zirela, alemanek tuneletan sartu nahi izan zituzten guztiak, gero guztia lehertzeko.
Garai hartan, SSkoez gain, armada alemaniarreko kideak ere bazeuden, eta hor batzuk nazifikatuak zeuden, baina ez denak. Hori ere hemen jendeak ez du oso ondo ulertzen. Osabak naziei eta SSei izugarrizko amorrua zien, baina alemaniarrei ez. Armadako batek abisatu zien: "Bilera bat egiten ari dira, eta kontuz ibili zaitezte". Bat egiten zuten, eta uko egin zioten tuneletan sartzeari. Gainera, ordurako bazeuzkaten arma batzuk ezkutatuta...
Mauthausenen Aribert Heim ezagutu omen zuen, Heriotza doktorea eta Mauthausengo harakina deitzen ziotena.
Esperimentuena egia da [bihotz aldean injekzioak jarri zizkioten "arkatz marra urdinak bezala zabaltzen zen hantura" eraginez] , baina ez dakigu Heim edo Eduard Krebsbach zen... Ez dakigu injekzioetan zer sartu zioten ere. 30 lagun hartu zituzten, osaba barne, eta zazpi soilik atera ziren bizirik esperimentu hartatik.
Ez zen Mauthausenen preso egon zen euskal herritar bakarra. Hark kontatu omen zizun hasieran bileraren bat egin zutela...
Bai, ez hainbeste euskal komunitatea antolatzeko, baina bai, bai euskaldunak biltzeko... Han nola jendea hasi zen biltzen alderdika, gero katalanak ere beren kabuz zihoazen... eta euskal herritarrek pare bat bilera egin zituzten, baina komando desberdinetan banatu zituzten, eta ez ziren gehiago bildu.
Espainiako Kultura Ministerioak egindako erroldaren arabera, 186 ziren kontzentrazio esparruetatik pasatako hego euskal herritarrak. Zuk diozu 200 inguru izango zirela.
Bai, nik beste hiru gutxienez baditut kontatuak... Errolda hori egiteko arduradun Benito Bermejok agiriak soilik hartzen ditu kontuan, baina, nire ustez, dena ez dago paperetan. Adibidez, Jose Goitia ez da inon ageri, baina osabak behin baino gehiagotan aipatzen zuen, Parisen bizi zela... baina ez da ageri.
Holokaustoa, ordea, ez dago gure memorian.
Euskaldunen memoria kolektiboan ez dago. Eta kuriosoa egiten zait: Aragoin eta Asturiasen zerbait hasiak dira egiten, eta Andaluzian eta Katalunian, jakina, eta Frantzian eta Europan zer esanik ez. Jende guztia mugitu da, hemen izan ezik. Inor ez da gogoratu. Nik ez dakit zergatik; beno, badaukat nire susmoa. Hauek esparruetatik atera zirenean ez zeukaten egiturarik, alderdirik, babestuko zituenik. Mauthausendik Parisera iritsi zenean nire osabak ez zekien zer egin. Frantsesik jakin gabe, ezin Euskal Herrira etorri. Jose Mari [Agirre] zeukan, eta hari deitu zion. Atera ziren, eta ez zuten jakin edo ez zuten nahi izan euren alderdiekin kontaktatzen. Eta Mauthausengo kideetatik aparte... ez zuten inongo harremanik, eta ez dute mediorik eduki jakinarazteko zer gertatu zaien.
Auschwitzen egon zen Primo Levik bi kategoriatan banatzen zituen kontzentrazio eremuetatik bizirik atera zirenak. Batetik zeuden gertatu zitzaienaz hitz egin nahi ez zutenak: bai ahazten saiatu eta amesgaiztoek janda bizi zirenak, bai ahaztea lortu eta hutsetik hasi zirenak. Gertatu zitzaiena desgrazia bat bezala bizi zuten horiek, gainetik kendu nahi zuten zoritxar bat bezala. Eta, bestetik, preso politikoak zeudela, edo gutxienez prestakuntza politiko bat, konbikzio erlijioso bat edo kontzientzia moral sendo bat zutenak. Azken horientzat oroitzea obligazio bat dela zioen Levik. "Ez dute ahaztu nahi, eta, batez ere, ez dute munduak ahazterik nahi, ulertu dutelako haien esperientziak zentzua zuela eta kontzentrazio eremuak ez zirela ezbehar bat izan, historiaren ustekabeko gertaera bat izan".
Jose Mari [Agirre] lehen taldean sar daiteke. Ahaztu egin nahi izan zuen, bere azken urteetan izan ezik, hitzaldiak ematen jardun baitzen. Marcelino bigarrenean zegoen. Baina osabak... bai, bazuen konbikzioa "hau munduak jakin behar du", baina gaixotasuna ere bai, hitz egin beharra, hitz egin beharra... Osaba Donostiara etortzen zen bakoitzean, norbait ezagutzen bazuen, bere historia kontatzen zion... baina gogaitu egiten zuen jendea... ez zekien isiltzen. Ez zuen hitz egiten uzten. Osabari trauma hori gelditu zitzaion. Hori bai, nire osaba oso gogorra zen, oso gogorra, eta buelta eman zion; gaixotasun hori izateak ez du esan nahi buelta eman ez zionik.
Itzuli zen Mauthausenera?
Askotan. Azken aldia 90eko hamarkadan izango zen, ETBrekin dokumentala grabatu zutenean.
Euren artean biltzea gogoko izango zuten.
Haren lagunak Mauthausengoak ziren. Haien arteko hori... Nire osabarentzat horiek ziren lagunak. Asko Parisen bizi ziren, eta, Espainiara bidean, beti osabaren etxean gelditzen ziren bisitan.
Gaizkiak dena hartzen zuen toki hartan bazegoen elkartasuna.
Bai, elkarri asko laguntzen zioten. Baita hiltzeko ere. Esan nahi dut: gauza bat da bat bazterrean hiltzen uztea, eta bestea etxeko batekin hiltzea. Han familia bat bezala zirela kontatzen zuen osabak. Ebenseenen sukaldean zegoenean, euren artean jada sistema antolatuta zeukaten. Igual 30 ogi eman behar zituzten erizaindegira, agian 200 lagunentzat. Eta 50 ematen zituzten. Zenbakiak zeramatzanak esaten zien: "Egunen batean SSek harrapatu eta akabatuko naute!". Baina bazekiten beste hogei ogi haiek zein garrantzitsuak ziren...
Zoriontsu izatea lortu zuen Marcelinok? Ez dakit zoriontasuna nola definitu, baina...
Oso bizitza ona izan du azken urteetan; ez zaio maitasunik falta izan. Baina, ondo gogoratzen naiz, 2008ko Gabonetan denok mahai inguruan geundela berriketan. Eta hura isilik, eskuan zuen platerari begira. Eta ni hari begira. Suiak esan zion: "Marcelino, animatu zaitez; ez gaude Mauthausenen!". Eta badakit, Marcelinok burua han zeukan, Mauthausenen.