Osakidetzak urtarrilean jakinarazi zuen Osabide tresna informatikoa euskaraz jartzeko, "diru aldetik bideragarria" ez zelako. Gaur, ordea, lanabes hori legegintzaldi honetan bertan euskaratzea adostu du Eusko Legebiltzarreko gehiengoak. EAJ, EH Bildu eta PSE-EEren artean adostu dute testua, eta Eusko Jaurlaritzari eskaera egin diote. Osakidetzan erabiltzen diren "euskarri eta lanabes informatikoak" ele bitan jartzeko plan bat aurkezteko, hiru hilabeteko epea jarri dute alderdiek.
Bost puntuko testua adostu dute hiru alderdien artean; Osabide euskaratzeko akordioa sinatzeaz aparte, "hizkuntza eskubideak bermatzeko lan egiten jarrai dezala" eskatu diote Osakidetzari, eta "euskararen normalkuntza sustatu eta garatzeko bitarteko ekonomikoak" jartzea galdegin dio.
Akordioak, beraz, euskararen normalizazioaz dihardu, Osakidetza osorako. 2011n amaitu zen Osakidetzako azken euskara plana, eta geroztik ez da berritu. EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk Jaurlaritzari eskatu diote plan haren ebaluazioa egin eta legebiltzarrera eramateko; 2009an planari buruz egin zuten ebaluazioan proposatu zituzten neurriak aintzat hartzeko ere eskatu diote.
Azterketa horietan oinarrituta, "euskararen erabilera bultzatzeko egitasmo berria" egin eta indarrean jartzeko eskatu dute hiru alderdi horiek. Eta lehentasunak aipatu dituzte: "Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko eta kalitatezko osasun zerbitzua emateko herritarrei, bereziki eta lehentasunez lehen mailako arretan, batez ere arreta berezia eskainiz umeentzako zeribtzuei, bezeroak atenditzeko eremuan eta medikuntza orokorrean".
"Herritarrak eta langileak sentsibilizatzeko", bestalde, EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk galdegin dute "Osakidetza barrura eta jendartera begirako adierazpen argiak egitea". Euskaraz bai sano kanpaina "osotasunean" garatzea ere proposatu dute, bide horretan.