Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gripearen aurkako txertaketa kanpaina aurkeztu du gaur, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendari Itziar Larizgoitia eta gripearen kanpainaren koordinatzaile Enrique Peirorekin batera. Txertaketa kanpaina datorren astelehenean hasiko da, urriaren 18an. Egun horretan hasiko dira txertatzen arrisku taldean dauden herritarrak. Talde horretan daude 65 urte edo gehiagokoak, patologia kronikoren bat dutenak, haurdun dauden emakumeak, osasun arloko profesionalak, gizarte zerbitzuetako langileak eta familiako zaintzaileak, eta zahar etxeetan bizi direnak (kolektibo horri aste honetan bertan hasi zaizkio jartzen txertoa).
Talde horien barruan dauden herritarrek gaurtik har dezakete ordua txertoa jartzeko. Bi bide dituzte horretarako: Osakidetzaren webgunearen bidez, edo beren osasun zentrora deituta. Arrisku taldekoak ez diren gainerako herritarrek, berriz, azaroaren 15etik aurrera eska dezakete ordua txertoa hartzeko.
Sagarduik azaldu duenez, aurten gripearen aurkako txerto tetrabalente bat jarriko da, helburua baita birusaren aldaeretatik gehiago babestea. Osakidetzak 651.333 dosi eskuratu ditu guztira, eta, behar izanez gero, %20 dosi gehiago hartu ditzake.
Gripearen aurkako kanpainaren aurtengo leloa hauxe da: Eta orain gripeak ez gaitzala banandu. Jarri txertoa. Osasun sailburuak azaldu duenez, lelo horrekin gogora ekarri nahi dute koronabirusari aurre egiteko azken urte eta erdi luzean gizarteak egin duen ahalegina. «Kanpainaren helburua da pertsona zaurgarrienen osasun indibiduala zaintzea, baina baita osasun kolektiboa zaintzea ere». Hori dela eta, iaz egin zen bezala, arrisku kolektibo batekoak ez diren biztanleek ere hartu ahal izango dute txertoa, betiere dosiak eskuragarri badaude.
Berritasun bat izango du aurtengo kanpainak, Sagarduik jakinarazi duenez: gripearen txertoarekin batera, COVID-19aren txertoaren hirugarren dosia jasotzeko aukera izango dute 70 urte edo gehiago duten eta COVID-19aren aurkako txertoa duela sei hilabete baino gehiago hartua dutenek.
Gripeari aurre egiteko prebentzio neurriak betetzea garrantzitsua dela azpimarratu du, halaber, Sagarduik. Besteak beste, eskuak garbitzea, jendetza saihestea, espazio itxiak aireztatzea eta maskara erabiltzea aipatu ditu. Azken horri dagokionez, Osasun sailburuak nabarmendu du maskara iaz «giltzarria» izan zela gripearen birusa ez hedatzeko, eta, horregatik, herritarrei eskatu die erabiltzeko, bereziki leku itxietan eta gripearen sintomarik izanez gero.