Osakidetza euskalduntzeko, aitzindaritza falta

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak dio hizkuntza eskakizunen sistemak zerbitzua hobetzen lagundu duela

Jon Rejado.
Gasteiz
2010eko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Osakidetzako Euskara Plana ezartzerakoan zuzendaritza taldeek «inplikazio apala» izan dute. 2005 eta 2011 bitartean EAEko osasun zerbitzua euskalduntzeko planaren behin-behineko ebaluazioak hori islatzen duela jakinarazi du Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. Are gehiago, Osakidetzako erakunde zentralaren «motibazio eta aitzindaritza faltak» bestelako arazoei aurre egitea zaildu duela ohartarazi du.

Osakidetzako unitateek zuzendaritzak agindutako plan baten moduan ikusi dutela uste du sailburuordetzak. «Sumatzen da ez dutela bere egin egitasmo hau», laburbildu du Patxi Martinez de Marigortak, Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendariak. Langileen zuzendaritzek eta euskara zerbitzuek hartu behar izan dituzte erabakiak Osakidetzako zuzendaritzaren aitzindaritza faltaren ondorioz.

Euskara Planak antolakuntza egitura egokia behar duela gogorarazi du sailburuordetzak, eta EAEko Administrazio Orokorrerako planean ezarritako egitura jarri du adibidetzat. Bertan hiru batzorde mota dituzte, non, besteak beste, zerbitzu guztien ordezkariak bilduta dauden euskalduntze politikak eremu guztietara heda daitezen.

Hizkuntza eskakizunak

Hobetu daitezkeen alorrak egon diren arren, Osakidetzako Euskara Plana aurrerapausoak emateko baliagarria izan dela nabarmendu du sailburuordetzak. Lan eskaintza publikoetan derrigorrezko hizkuntza eskakizunak ezarri direnean helburuak bete direla nabarmendu du, Osasun Sailak egindako behin-behineko balorazioa aztertuta.

Hizkuntza eskakizuna ezartzeak osasun zerbitzuen kalitatea hobetzen lagundu duela azaltzen da Osasun Sailak egindako Euskara Planaren behin-behineko ebaluazioan. Hala, langileen kalitate profesionalean ez eragiteaz gain, zerbitzu elebiduna eskaintzeko baliogarria izan dela ondorioztatu du, eta herritarren eskubideak babestu ditu. «Hizkuntza eskakizunen araberako sistemak ahalbidetu egin du normalizazioari begira erabaki diren helburuak betearaztea», ondorioztatu du Patxi Martinez de Marigortak. Bide batez, azaldu du neurri horrek ez duela kalterik eragin, ez Osakidetzan ez erabiltzaileengan.

Sailburuordetzak, hizkuntza eskakizunen sistemak emandako fruituak txalotu arren, gaineratu du ez dizkiola ateak ixten sistema hori berrikusteari, eta aintzat hartu du Osasun Sailak proposatutakoa. Lanpostuek dituzten behar komunikatiboen araberako hizkuntza eskakizunen egokitasuna aztertzeko ikerketa bat bultzatuko du Euskararen Aholku Batzordeak. Osakidetzaren hizkuntza eskakizunez gain, Ertzaintzako, Hezkuntza Saileko eta administrazio orokorreko langileenak ere aztertuko dituztela gaineratu du sailburuordetzak.

Langileen euskalduntzea ere nabarmendu du sailburuordetzak, baina berariazko euskarazko prestakuntza bultzatzearen alde egin du. Zerbitzua euskaraz ere eskaintzen bada kalitatea hobetuko dela adierazi du, eta etengabeko prestakuntzaren garrantzia nabarmendu.

Euskara, kalitatea neurtzeko

Sailburuordetzak atal berezi bat gorde du programa kontratuetan euskarak izan beharko lukeen presentziaz. Eskainitako zerbitzuaren kalitatea neurtzeko balio dute programa kontratuek, eta hainbat aldagai daude horien barnean, euskara normalizatzeari buruzkoak, besteak beste. Osasun Sailak euskarari buruzko aldagaiak kendu zituen urte hasieran, eta ez ditu ezta aipatu ere egin Euskara Planaren behin-behineko ebaluazioa egitean. Sailburuordetzak zerbitzuen kalitatearen inguruko balantzea egiterakoan euskarari buruzko aldagaiak mantentzearen alde egin du, ordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.