Ostiralean, Espainiako Bioetika Batzordeak babestu egin zuen joan den astean Espainiako Osasun Ministerioak egindako proposamena, eta, ondorioz, txertaketa planak aldatu behar izan dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Osakidetza gaur hasi da AstraZenecarekin txertatutako 60 urtetik beherako oinarrizko langileei deitzen, COVID-19aren kontrako bigarren txertoa hartzeko ordua emateko. Otsailean hartu zuten 60 urte azpiko 83.000 gora oinarrizko langilek AstraZenecaren lehen ziztada, eta orain bigarren dosia jartzea egokitzen zaie. Tartean daude, besteak beste, unibertsitate azpiko irakasleak, ertzainak eta zerbitzu soziosanitarioetako beharginak. Osakidetza dagoeneko hasi da bigarren dosi hori jartzeko orduak ematen, eta irizpide nagusia izango da Pfizer etxearen txertoa ipintzea. Inork AstraZenecaren bigarren dosia hartu nahiko balu, baimen informatua sinatu beharko du txertoaren arriskuak ezagutzen dituela ziurtatuz. Pertsona horiek beste agenda batean sartuko ditu Osakidetzak, eta txertoak eskuragarri daudenean deituko dituzte.
Nafarroan, berriz, datorren astean hasiko dira AstraZenecaren lehen dosia hartu zuten 60 urtetik beherako pertsonak deitzen bigarren dosia hartzeko. Nafarroako Gobernuak ez du oraindik argitu Espainiako Gobernuak emandako bi aukeren artean zeinen alde egingo duen. Orora, 21.000 pertsona deituko dituzte datorren astetik aurrera bigarren dosia hartzeko.
Gaur Nafarroako Parlamentuko talde guztiek kritikatu egin dute Espainiako Osasun Ministerioak hartutako erabakia. Besteak beste, Ramon Alzorriz PSNko eledunak Espainiako Gobernuari egotzi dio AstraZenecaren auzian «erantzun argirik» ez ematea. Geroa Baiko Uxue Barkosek kritikatu du «zentzugabea» dela AstraZenecaren bigarren dosia hartu nahi duten herritarrei eskatzea baimen berezi bat sinatzeko, eta EH Bilduko Adolfo Araizek salatu du herritarren gainean «ardura handiegia» utzi dela.