Koronabirusa

Osakidetzak bakartu egin ditu osasunaren arloko ehun profesional, birusa izan dezaketelakoan

Hamahiru kasu positibo baieztatu dituzte, horietako hamar Araban; erietxean sartu behar izan dituzte bi gaixo, osasun arazoen ondorioz.

Emakume bat Txagorritxuko ospitaletik ateratzen, maskara jantzita. DAVID AGUILAR, EFE
arantxa iraola
2020ko martxoaren 3a
13:54
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgak agerraldia egin du koronabirusaren inguruko azken albisteak emateko. Dagoeneko hamahiru kasu positibo atzeman dituztela esan du, eta horietako bost osasunaren arloko profesionalak direla. Hamar kasu atzeman dituzte Araban, bi Gipuzkoan eta bakar bat Bizkaian. Nafarroako osasun agintarien datuetan ez da aldaketarik oraingoz: bi kasu daude baieztatuta.

Atzo Gasteizen aparteko kezka zabaldu zen hango egoeraren inguruan, eta gaurko agerraldian horri buruzko itaun asko izan ditu Murgak. Txagorritxuko erietxeko behargin batek positibo eman zuela jakin zen, eta, gainera, ez zegoela argi kasu horren sorburua zein zen. Berehala zabaldu zen, era berean, haren inguruko hainbat pertsona ere «kontrolpean» jarri behar izan zituztela, badaezpada ere: birusaren hedapena hesitze aldera. Murgak onartu du, hain justu, positibo eman duten pazienteen gertuko 220 bat pertsonari «jarraipena» egiten ari zaizkiela eta haien artean osasunaren arloko ehun profesional inguru daudela, bakartuta denak, badaezpadako neurri gisara; ia denak Gasteizko ESI Erakunde Sanitario Integratuko profesionalak dira. Txagorritxu eta Santiago erietxeetan eta Olarizuko osasun zentroan jardundako beharginak direla esan du.

Murgak ukatu egin ditu, hala ere, gaitza Txagorritxuko erietxean zabaltzea ekarri duen lehen gaixo horren inguruko hainbat albiste. Izan ere, atzo ELA sindikatuak salatu zuen profesional horrek hainbat egun egin zituela lanean koronabirusaren sintomekin, eta ez ziotela kasurik egin, horren gainean abisu eman bazuen ere. Sailburua irmo solastatu da: «Faltsua da». Eta minduta: «Denak ez du balio».

Esan du mediku hori gaixo agiria hartuta zegoela, baina ez zitzaiola koronabirusaren inguruko azterketarik egin ez zuelako «arrisku» faktorerik; izan ere, bidaia bat egina zen kanpora, baina ez birusaren hedapenarengatik arriskutsutzat izendatuta dagoen toki batera. Haren kasuak berezitasun batzuk zituela ikusita, ordea, Murgak azaldu du gaitza zuen ikusteko azterketa egitea erabaki zela lehengo ostiralean, eta osasun sistemak erantzun egokia eman zuela baieztapenaren berri izan ostean: «19:00etan jakin genuen koronabirusa zuela; 19:10ean batzorde bat lanean ari zen haren kontaktuak zein izan ziren argitu eta haiekin harremanetan jartzeko».

Era berean, «lasaitasun mezua» zabaldu nahi izan du sailburuak. «Konfiantza izan behar da osasun sisteman». Onartu du, hori bai, egoera «aldakorra» eta, esaterako, berriki erietxera eraman behar izan dituztela bi gaixo. Bat adineko pazientea dela esan du, lehendik ere hainbat eritasun dituena, eta horregatik hartu dutela neurria. Besteak okerrera egin du gaur goizean, eta erietxera eraman dute azterketa batzuk egitera.

Aparteko neurririk ez

Orain artekoa baino neurri zorrotzagorik ez da hartu behar oraindik, Murgaren ustez, gaixotasunaren inguruan. «Nondik datorren ez dakigun kasu bakarra Txagorritxuko langile horrena da», azaldu du. «Oraindik birusari eusteko fasean gaude». Onartu du ezen, bakartuta dauden profesionalen ondorioz, zailtasunak izan dituztela Gasteizko osasun zentroetan, baina gehitu du «arta» bermatuta dagoela «berrantolaketa» bati esker. Bide batez, adierazi du egoerak ekarri duen aparteko lan zamari erantzuteko hamabi profesional gehiago hartuko dituela Osakidetzak; osasun publikoko lantaldea indartzeko kontratatuko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.