Euskara jakitea derrigorrezkoa duten 92 postutan gutxienez, hori bermatuta ez duten langileak kontratu ditu Osakidetzak azken urte eta erdian, BERRIAk jakin ahal izan duenez. Hala jasotzen da, Aralarrek eskatuta Eusko Jaularitzako Osasun Sailak emandako datuetan. Hizkuntz eskaeren urraketa gehienak administrazioko lanpostuetan gertatu dira, eta ez erizain eta sendagileenetan. Esanguratsuak izan dira Euskara Planarentzat lehentasun gorena dutenetan egindako urraketak: herritarrak artatzeko zerbitzuetako lanpostuetan, osasun etxeetako harreratakoetan, telefono bidezko informazio guneetan...
Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko 2003ko dekretuak agintzen du hainbat lanpostu betetzeko nahitaezkoa dela euskaraz jakitea frogatuta edukitzea. Lanpostuen %16an eskatzen dute ezagutza hori. Sindikatuek, haatik, behin baino gehiagotan salatu dute dekretu hori urratu egiten dela, eta langile erdaldunek betetzen dituztela, maiz, euskara jakitea premiazkoa duten lanpostu batzuk.
Urraketa hori lehenagotik dator.Izan ere, aurreko legegintzaldi osoan, 80 kontrataziotan ez zuten dekretua bete. Baina, Rafael Bengoa Osasun sailburu denetik, egoerak okerrera egin du. Urte eta erdian gainditu egin dira aurreko legegintzaldi osoko urraketak. Kontuan izan behar da kasu honetan urraketa hori lanpostu finkoetan ere gertatu dela.Krisi ekonomikoak eragindako murrizketen ondorioz, gainera, kontratazioak gutxitu egin direla. Beraz, proportzioan, kasuak gehiago dira.Halaber, Osakidetzak lanpostu bakoitzari dagokion kontratu baten berri baino ez du eman, nahiz eta pertsona batek baino gehiagok bete izan duen. Beraz, urraketak gehiago izan daitezke.
Krisiaren murrizketen ondorioz, hainbat izan dira bete gabe geratu edo egon diren lanpostuak. Horien artean dago, BERRIAk jakin ahal izan duenez, Donostia Ospitaleko euskara arduradunarena.Hari dagokio erietxe horretan euskara plana kudetzea. Lanpostu hori lau hilabetez egon da hutsik.
Konpromiso eza
Duela aste batzuk jakin zen, gainera, Osakidetzak hizkuntzari buruzko galdera kendu duela zerbitzuen kalitatearen inguruan gaixoei egiten dieten inkestatik. Ospitaleko egonaldia bukatu ondoren egiten zaie inkesta hori gaixoei, eta noizean behin baita lehen harrerako zentroetako erabiltzaileei ere. Inkesta horiekin kalitateari buruzko txostena osatzen du urtero Osakidetzak. Horri lotutako lehen urratsa iaz egin zuen Bengoak: euskara programa kontratuetatik kentzea erabaki zuen. Hala, gaur egun ez da beharrezkoa euskarazko arreta ona eskanitzea kalitatezko zerbitzua eman ahal izateko.
BERRIAk iaz eman zuen jakitera, gainera, Euskara Plana sustatzeko konpromisorik ez zuela hartu Osakidetzako zuzendaritzak.Planaren inguruan egindako ebaluazioan ondorioztatu zuten hori; salatu zuten plana ez zela transbertsalitastez aplikatu, eta erabilera sustatzeko neurri gutxi hartu zirela. Hala, Euskara Plana «ahuldu» egin zela. Hori kontuan hartuta, ohartatarazi zuten«neurri zuzentzaileak» hartu ezean arazoa egiturazkoa bilakatuko zela.
Hartu beharreko neurrien artean ondorengoak aipatu zituzten: lehen mailako arretan eta arreta espezializatuan batzorde tekniko bat osatzeaplana garatzeko eta Osabide euskararen normalizaziora bideratzea, besteen artean.
Osakidetzak erdaldunak jarri ditu euskara derrigor jakin behar den 92 postutan
Administrazioko lanpostuetan urratu da batik bat legea; aurreko legealdian horrelako 80 kasu izan ziren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu