Osakidetzak eten egin ditu epaitegian dauden LEPen prozedurak

Epailearekin kolaboratzen ari dela nabarmendu du Murga sailburuak. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek gardentasun eza leporatu diote.

Nekane Murga sailburua eta Juan Diego Osakidetzako zuzendaria, Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzodean. EUSKO LEGEBILTARRA
jokin sagarzazu
2019ko urriaren 29a
16:59
Entzun

2016-2017. urteetako lan deialdi publikoko postuak emateko prozedurarekin ari da Osakidetza, auzitegian ikertzen ari diren 11 kategorietakoak salbu. Horiek behin behinean etetea erabaki du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak, eta asteazken honetan argitaratuko du erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ( EHAA).

Nekane Murga sailburuak azaldu duenez, "badaezpadako neurri gisa" eten dituzte. Gasteizko 2. Instrukzioko Epaitegiak horiei buruzko eginbideak hasi ditu, eta horiek argitu arte itxarotea erabaki dute. Auzibidean parte hartzen ari diren ESK eta LAB sindikatuek beste zortzi kategoriatan antzeman dituzte iruzur zantzuak. Horiek, baina, ez dituzte etengo, ezta gainerako 67ak ere; 30en behin-behineko ebazpenak argitaratu dituzte jada.

Neurria hartzeko "azken unera arte" itxarotea leporatu diote Murgari EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek. "Aspaldi egindako eskaera bat da, baina esaten zenuten ezetz, legeak ez zuela baimentzen", gogoratu du EH Bilduko Rebeka Uberak. Antzera mintzatu da Elkarrekin Podemoseko Cristina Makazaga. "Soilik guk ala epaitegiek eskatzen badugu hartzen dituzue neurriak eta ematen duzue informazioa".

Fiskalak epaitegira bidalitako idatzian 11 espezialitatetan sumatu zituen iruzur zantzuak, baina akusazio zehatza hiru espezialitatetan egin zuen, besteetan ez zuelako modurik zehazki inor akusatzeko. Epaileak hiru mediku jarri ditu ikerketapean: Anestesiako, Angiologiako eta Digestio Aparatuko epaimahaietako kide bana. Bi delitu aipatu zituen akusazioan: agirien zaintzan desleialtasunez jokatzea —dokumentu konfidentzialak ondo ez gordetzea—, eta sekretuak aurkitzea eta agertzea —azterketa egin zuten batzuei edukiak filtratzea—.

Beste zortzi espezialitate hauek ere daude ikerketapean, eta eten dituzte postuak emateko prozedurak: Kardiologia, Traumatologia, Kirurgia Plastikoa, Urologia, Medikuntza Intentsiboa, Larrialdiak, Mikrobiologia eta Kirurgia Kardiobaskularra.

Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk eginiko eskaerari bati erantzunez Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean izan dira Nekane Murga Osasun sailburua eta Juan Diego Osakidetzako Zuzendari Nagusia. Orain arte egindakoaz, eta, bereziki, Gasteizko 2. Epaitegira bidali duten dokumentazioaz aritu da Murga, bere sailak "une oro" agertu duen "lankidetza eta gardentasun jarrera" agerian uzteko asmoz. "Jarraituko dugu justiziarekin lankidetzan, orain arte egin dugun bezala", nabarmendu du, eta gaineratu du haiek direla "lehen interesatuak" gertaerak argitzen. Murgak azaldu du epaitegiak eskatutako guztia eman duela Osasun Sailak, eta epaileak ez duela informazio gehigarririk galdegin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.