Eusko Jaurlaritzak baztertu egin du Arabako Errioxako gaixoei kasu egiteagatik Errioxako Gobernuari 7 milioi euro ordaintzea. «Ordaintzeak arriskuan jarriko lukeosasun sistema publikoaren batasuna. Egoera konpontzen ez dela ikusita, Osasun Ministerioak esku hartu beharko luke», adierazi zuen atzo Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Rafael Bengoak. Haren ustez, Errioxako Gobernuaren jarrera hauteskundeei begirakoa da.
Bengoak azaldutakoaren arabera, Arabako Errioxako 4.500 bat herritarri egiten zieten kasu orain arte Logroñoko San Pedro erietxean (Espainia). «Irailetik, ordea, kasu egiteari utzi zioten. Gainera, ez ziguten erabakiaren berri eman. Urri erdialdera arte ez ginen jabetu». Oraingoz, 400 gaixo izan dira kaltetuak. «Gasteizen arta ditzaten antolatzen ari gara. Ahalik eta azkarren izatea espero dugu, nahiz eta dagoeneko atzeratuta joan.»
Hainbat bilera egin dituzteegoera onera ekartzeko, baina Errioxako Gobernuak hasierako jarrerari eusten diola nabarmendu du Bengoak: 7 milioi euro eskatzen dizkio Osasun Sailari, orain arteko zerbitzuari eusteko. «Kopurua benetako kostua baino handiagoa da. Zenbakiak puztu egin dituzte».
Bengoak gogorarazi du Osakidetzak Nafarroako, Kantabriako, Errioxako eta Burgosko 14.000 gaixo inguru artatzen dituela. Horietatik 3.000 inguru dira Errioxakoak. «Horiek artatzen jarraituko dugu, osasun sistema elkartasunean eta batasunean oinarritzen baita».
Nafarroako hainbat gaixok Arabako Errioxakoen arazo bera dute, PSNk salatu duenez. «Mugan dauden herrietako bizilagunak Errioxako osasun zerbitzuaren eskutitz bat jaso dute. Bertan esaten diete ez dituztela artatuko».
PSNren ustez, Errioxako Gobernuaren erabakia «oso larria» da. «Erkidegoen arteko osasun merkatu bat sortu nahi dute. Horrek argi erakusten du zeintzuk diren Raxoiren asmoak. Horiek dira hauteskundeak irabazten baditu egingo dituen murrizketak». PSNk berretsi du Osasunbideak Errioxako gaixoak artatzen jarraitzearen alde egingo duela.
Osakidetzak ez dio Errioxari ordainduko eriak artatzeagatik
Oraingoz, 400 gaixo daude artatu gabe Logroñoko ospitalean, eta Osakidetzak Gasteizera bideratu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu