Osakidetzako zuzendari nagusi Maria Jesus Mujikak jakinarazi du Digestio Aparatuko, Medikuntza Intentsiboko eta Urologiako kategorietako etsaminak aztertu dituztela, eta ondorioztatu dutela ez dela irregulartasunik izan —ondorio berdinera iritsi ziren udan Kirurgia Plastiko eta Konpontzaileko probekin—. Beraz, prozedurekin aurrera jarraitzea erabaki dute, azterketarik errepikatu gabe. Traumatologia espezialitateko hautaprobak, berriz, behin-behinean geldiarazi dituzte, eta epaimahaiko sei kideri txosten informatibo bat ireki diete, bilera bat egiteagatik dei formalik egin gabe. Hortaz, hiru espezialitatetako probak baino ez dituzte errepikatuko: Kardiologia, Anestesia eta Angiologia.
Mujikak argitu du oposizioetako jarraipen batzordearen informazio guztia Arartekora eta Fiskaltzara igorriko dutela, eta nabarmendu du Osakidetzaren helburua izan dela "lan eskaintza publiko honi berme guztiekin eta erabateko gardentasunarekin amaiera ematea".