Osakidetzak hilaren 30ean itxiko ditu txertaketa gune handiak

Urritik aurrera, txertoa hartzeko ordua duten herritarrak osasun zentroetan edo ospitaleetan artatuko dituzte.

Barakaldoko BECeko txertaketa gunea. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
edurne begiristain
2021eko irailaren 10a
11:07
Entzun

Hilaren 30ean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako txertaketa azpiegitura handiak itxiko ditu Osakidetzak, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gaur goizean jakitera eman duenez. Hori hala, urritik aurrera txertoa jartzeko ordua duten guztiei osasun zentroetan edo inguruko ospitaleetan emango zaie txertatzeko ordua –dela lehenengo dosia jartzeko, dela bigarrena–; dagokien osasun antolamenduaren arabera, betiere. Osakidetzatik zehaztu dutenez, ordua hartzeko unean kokapen berria jakinaraziko da. Gainera, lehen dosirako ordua irailaren 30a baino lehen hartzen dutenen kasuetan, kokapen aldaketak soilik bigarren dosian izango du eragina.

Txertaketaren erritmo onari esker erabaki dute txertaketa azpiegitura handiak ixtea. Txertatzeke dauden herritarren kopurua nabarmen jaitsi denez, Osakidetzak uste du ez dela beharrezkoa txertaketa gune handiak zabalik izatea. Zehazki, Sagarduik azpimarratu du txertaketa kanpaina «arrakastatsua» dela: esan du 12 urtetik gorako euskal herritarren %84k pauta osoa jarria duela, «Espainiako batezbestekoa baino hamar puntu handiagoa». Halaber, aurreratu du txertaketa erritmoari eutsiz gero hiru aste barru Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 12 urtetik gorako biztanleen %90ek txertoaren jarraibide osoa izango dutela.

Txertaketa gune handiak itxita, irailaren 30etik aurrera COVID-19aren aurkako txertoa non jarriko den zehaztu du Osakidetzak. Osasun antolamenduaren arabera banatu ditu txertaketa gune berriak:

Arabako ESI erakunde sanitario integratua: Gasteizko San Martin osasun zentroa.
Arabako Errioxako ESI: Lezako ospitalea eta Oiongo osasun zentroa.
Barakaldo-Sestaoko ESI: Sestaoko EAGa eta Zaballako osasun zentroa Barakaldon.
Barrualde-Galdakaoko ESI: Galdakao-Usansoloko ospitalea eta Gernika-Lumoko ospitalea.
Bidasoako ESI: Artaleku kiroldegia Irunen (kokapen bera).
Bilbo-Basurtuko ESI: Basurtuko ospitalea (Areiltza pabiloia) eta Indautxuko osasun zentroa Bilbon.
Debabarreneko ESI: Eibarko ospitalea.
Debagoieneko ESI: Debagoieneko ospitalea.
Donostialdeko ESI: Atano III.a pilotalekua (Donostia).
Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzetako ESI: Gurutzetako ospitalea eta Buenavista osasun zentroa Portugaleten.
Goierri-Urola Garaiko ESI: Zumarragako ospitalea eta Azpeitiko osasun zentroa.
Tolosaldeko ESI: Tolosako Ferial udal zentroa, Villabonako Gurea zinema eta Andoaingo Arrate pilotalekua.
Uribeko ESI: Urdulizko Alfredo Espinosa ospitalea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.