Hitzartu duten akordioa abiapuntu bat da langileen garapen profesionalerako sistema bat ontzen hasteko, eta, itundutakoaren arabera, aurten bertan aparteko deialdi bat egitea da asmoa. Osakidetzak prentsa ohar batean adierazi du itun honen helburua dela langileen merituek eta esperientziak merezi duten aitortza izatea. Nabarmendu du adostasunerako bidean ezinbestekoa izan dela «aldeek» akordioa lortzeko izan duten «borondatea».
Akordioak era emango die orain lanean ez dauden langileei ere garapen profesionalerako prozesuetan sartzeko; 2019aren ostean erretiroa hartutako langileei ere irekiko die atea. Osakidetzak nabarmendu du otsailean plazaratu zuela arloko lehen proposamenaren zirriborroa, eta aldaketa ugari egin dituztela ordutik: horrek «elkarrizketarako» duten asmo sendoa adierazten duela erantsi du. Horiek horrela, aurki beste gai zenbaitetan ere sindikatuekin akordioak lortzeko esperantza duela adierazi du.
ELA sindikatuak akordioaren aurka dagoela esan du. «Osakidetzak betikotu egin du garapen profesionalean ezarritako murrizketa», deitoratu du. Zehaztu du 2013-2019 urteetan soldata osagarrietan egindako murrizketek bere horretan dirautela itunaren ondorioz. Horrez gain, erantsi du epealdi horretan erretiroa hartu zuten 6.000 langileak hitzarmenetik kanpo utzi dituztela. «Oso-osorik» pagatu beharreko zor bat dagoela uste dute, eta «bide juridikoa» hartu behar dela auzia bideratzeko.