Osasuna

Osakidetzak osasun txartela emango die urtea hemen bizitzen daramatenei

Immigranteei osasun arreta emateko baldintzak zehaztu ditu Eusko Jaurlaritzak. Aldizkari ofizialean kaleratu ditu. Haurdun eta adingabeei, kasu guztietan emango die osasun zerbitzua.

2013ko uztailaren 22a
18:35
Entzun

Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan urtebete baino gehiago bizitzen daramaten etorkinek Osakidetzaren osasun txartela edukitzeko arauak onartu ditu Eusko Jaurlaritzak. EAEko aldizkari ofizialak gaur argitaratu du immigranteei osasun arreta arautzeko baldintzen agindua.

Osasun txartela eskuratzeko eta familia mediku batengana jotzeko eskubidea izateko, etorkinek egiaztatu beharko dute gutxienez urtebete daramatela hemen bizitzen, etenik gabe. 

Gainera, egiaztatu beharko dute oinarrizko errenta baino gutxiago irabazten dutela. Egoera irregularrean dauden etorkinek ere baliatu ahal izango dute aukera.

Baldintza horiek bete ez arren haurdun baldin badaude ere, eskubide berak izango dituzte emakumeek eta 18 urtez azpiko adingabeek. Haurdunen kasuan, haurdunaldian bertan, erditzean eta erditze osteko egunetan ziurtatuko diete osasun zerbitzua.

Gainerako etorkinak ere artatuko dituzte, larrialdiren bat edo osasun publikoko arazoren bat baldin badute. Beste kasuetan, immigranteek ordaindu egin beharko dute osasun arreta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.