Osakidetzako ospitaleek abuztuan ohe gutxiago izango dituzte gaixotzen diren pertsonak hartzeko. ELA sindikatuak salatu du ospitale handienetan, 200 ohe baino gehiago dituztenetan, guztira 800 ohe inguru kenduko dituztela. Osakidetzak 3.600 ohe inguru dituela kontuan hartuta, abuztuan ezarriko duten neurriarekin ia lau ohetik bat kenduko dute. ELA sindikatuak nabarmendu du ohe faltak eragin zuzena duela gaixo daudenek jasotzen duten arretan, baita ospitale horietako jardunean ere.
Murrizketa hori arrazoitzeko Osakidetzak gogora ekarri du «programatutako ebakuntzek eta medikuen jardunak» behera egiten dutela hilabete horretan. Ordea, ELAk azaldu du ospitale horietan oheak kentzeak larrialdietako zerbitzuan zuzenean eragiten duela. Heltzen diren gaixoak artatzeko leku gehiago behar da, eta ospitaleratu behar direnak itxaron behar duten denbora luzatzen dela gaineratu du.
Kalte horiek direla-eta neurria azter dezala eskatu dio ELAk Osakidetzari, eta oheak jar ditzala abuztuan. Horretaz gain, zerbitzuetan behar bezainbeste langile jartzeko eskatu dio, eta, horretarako, lanuzteak eta oporraldiak hartu dituztenak ordezkatzeko neurriak ezartzeko.
Bizkaian kenduko da ohe gehien abuztuan, ELAk jakinarazi dituen datuen arabera. 387 ohe kenduko dituzte guztira: Basurton 168, Galdakaon 108, Gurutzetan 75 eta Gorlizen 36. Gipuzkoan, Donostia ospitalean bakarrik, 205 ohe kentzea aurreikusi du Osakidetzak. Aldiz, Araban 195 kenduko dituzte bi ospitale handietan: Txagorritxukoan 86 ohe kenduko dituzte, eta Santiagon, 107.
Kalitatea jaitsi
Larrialdietan gaixoak pilatzearen ondorioz zerbitzuaren kalitatea jaitsi egiten dela azaldu dute, bai ospitaleratzeko zain daudenena, bai haien familiena, baita oraindik medikuak ikusteko zain daudenena ere. Pilatutako pertsona horien ondorioz, ELAk nabarmendu du profesionalek jasaten duten presioa handitu egiten dela. Oheak libre utzi behar direnez senda-agiri batzuk «presaka» ematen direla gaineratu du, eta, kasu batzuetan, pertsona horiek larrialdietara itzultzen direla.
Egoerak behartuta, gaixoen pilaketa eta langile talde «justuegia» lanean egotearen ondorioz, askotan medikuek ez dute behar besteko denbora «arreta egokia» emateko. Egoera horrek haserreak sortzen dituela gogorarazi dute, eta langileen aurkako erasoetan islatzen direla zehaztu.
Azkenik, ELAk nabarmendu du oheak gutxitzeak mediku espezialisten edota ebakuntzen zain daudenen itxarote zerrendak handitzen dituela. Bide batez, azaldu dute «salagarria» dela oheak kentzea eta aldi berean udan «autohitzarmenak» mantentzea, hau da, osasun sistemako medikuei ordaintzea la orduetatik kanpo gaixoak artatzeagatik edo horiei ebakuntza egiteagatik.
Legegintzaldia, «galduta»
EAJk kritikatu du Patxi Lopezen gobernuak Osakidetzak behar zituen hobekuntzak egiteko «aukera galdu» duela legegintzaldi honetan. Hobekuntza horiek egin beharrean «bere burua gehiegi lausengatu» baino ez duela egin kritikatu dio Nerea Antia EAJko legebiltzarkideak Rafael Bengoa Jaurlaritzako Osasun sailburuari.
Neurriak aurkeztu bai, baina neurri horiek ez dituztela abiarazi nabarmendu du. «Azken emaitza oso makala da». Antiak gaixotasun kronikoak dituztenak zaintzeko estrategia erabili du «makaltasun» hori argudiatzeko. Legealdi hasieratik Bengoaren apustu nagusia izan zen, baina hiru urteren buruan estrategia horren erdia baino ez dela gauzatu gaineratu du.
Bestetik, lehen arretako kalitateak «okerrera» egin duela zehaztu du Antiak. Gaixo bakoitzari eskaintzen zaion denbora horren adierazle dela azaldu du. Aurreko legegintzaldian arreta denbora %18 hazi zela gogora ekarri du, baina azken hiru urteetan denbora hori %4,4 baino ez dela igo jakinarazi du.
Azkenik, AUO Arabako Unibertsitate Ospitalea «presaka» egin dela kritikatu du, eta «ezinegona eta itxarote zerrenden handitzea» ekarri duela zehaztu: Osakidetzako batez besteko itxarote zerrenda 50 egunekoa da, eta AUOkoa 61 egunekoa.
Osakidetzak udan ia lau ohetik bat kenduko duela salatu du ELAk
Jaurlaritzak egin duen osasunaren kudeaketa kritikatu du EAJk, eta lehen arretan kalitatea galdu dela gaineratu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu