Osakidetzak zortzi hondartzatan ez erretzea gomendatuko du

Aurtengo udan abiatuko dute ekinbidea, eta 2022an gainerako hondartzetara zabaltzea nahi dute

Lekeitioko Isuntza hondartza, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
2021eko maiatzaren 26a
16:26
Entzun

Osakidetzak udan zortzi hondartzatan ez erretzeko gonbita egin du: Zumaiako Itzurun eta Santiago hondartzetan, Ibarrangeluko Lagan eta Laidan, Lekeitioko Isuntzan, Mundakako Laidatxuran eta Hondartzapen, eta Garaio hegoaldeko hondartzan. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak adierazi duenez, proposamenaren helburua da adingabe ugari dituen aisialdirako ingurune horretan tabako kontsumoa desnormalizatzea, eta, era berean, hondartzak zikintzen dituen zigarro puntarik ez egotea. Aurtengo udan abiatuko dute ekinbidea, ekainaren 15ean, eta 2022an gainerako hondartzetara zabaltzea nahi dute, tabakorik eta kerik gabeko hondartzen sarea eratzeko asmoz.

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gaur emandako prentsaurrekoan esandakoaren arabera, ez da zigor ekinbide bat bat izango, banako konpromisoan eta kolektiboan oinarritzen den ekintza bat baizik: «Ez da gure asmoa hondartzetan erretzea debekatzen duen lege bat sustatzea. Espazio horretan erretzera doazenek birritan pentsatzeko eta ez egiteko gonbidapena da». Informazioa emateko kartelak egongo dira, eta hondartza horietan lan egiten dutenek lan pedagogikoa egingo dute, ez erretzea gomendatzeko.

Datuak

Bestalde, Sagarduik nabarmendu du igo egin dela tabakoa erretzeari uzteko Osakidetzaren programetan parte hartu duen lagunen kopurua: 2020an, 7.820 pertsonak hasi zuten; 2019an, berriz, 2.059k. Hots, hirukoiztu egin da. «Oso positibotzat» jo dute hori, eta tabakismoaren aurkako gizarte kontzientziaziorako eta prebentziorako egiten den lana goraipatu dute.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.