Eusko Jaurlaritzak enkantean jarri ditu A/H1N1 birusari aurre egiteko Gabriel Inclan Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu zela erosi ziren 47 milioi maskara. 54.000 euroko prezioan atera ditu, eta urtarrilaren 20an izango da enkantea. Erosketa «legezkoa» izan zela dio Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, baina «harrigarritzat» jo du. Larrialdiko prozedura bati jarraituz, 60 milioi maskara eta 25 milioi eskularru pare erosi zituen Osakidetzak Inclan sailburu zela, Patxi Lopez lehendakari izendatzeko egun gutxi falta zirela.
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako eledunaren arabera, «neurrigabea» izan zen erosketa. EAJk Eusko Legebiltzarrean azalpenak emateko eskatu dio Bengoari, eta hala egingo duela agindu du sailburuak.
EAJren ustez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila izan da albistea ezagutarazi duena, sailaren kudeaketa «ezkutatzeko» asmoz. Ukatu egin du Bengoak aukera hori: «Ez dugu ezer ezkutatzeko, datuekin froga dezakegu kudeaketa ona dela». Haren ustez, Osakidetzako langileen produktibitateak «izugarri» egin du gora, eta, beraz, ez du «azpijokoen» beharrik: «Oso harro gaude egiten ari garen lanaz».
«Barne kontuak»
Fernando Toña Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorreko zuzendari ohiaren dimisioa dela eta, horiek «kudeaketaren barne kontuak» direla erantzun du sailburuak.
Osakidetzako 47 milioi maskara enkantean jarri ditu Jaurlaritzak
Osasun sailburuak «harrigarri» deritzo Inclan sailburu zela erosketa egiteko jarraitu zen prozedurari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu