Hizkuntz Eskubideen Behatokiak agerraldia egin du Osakidetzak onartu behar duen lan deialdian herritarren eskubideen bermean aurrera egiteko eskatzeko. “Deia luzatu nahi diegu eragile sindikalei eta gobernuari herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko erabaki ausartak har ditzaten”, adierazi du Paul Bilbao erakunde horretako zuzendariak. Dagoeneko, Behatokiak bilerak eskatu ditu sindikatuekin iritzia helarazteko.
Oraingo deialdian 2.900 lanpostutik gora izango dira, baina euskararen derrigorrezko ezagutza %20ri baino gutxiagori ezarri nahi diete.
Hala ere,Bilbaok datu positibo bat nabarmendu du: “lehen aldiz euskararen derrigorrezko ezagutza ezarri da zenbait lanpostutan”. Hori onerakoa izanik ere, 20 urteko atzerapenaz datorrela gogoratu du Behatokiko zuzendariak.
Eusko Legebiltzarrera helarazitako datuen arabera, egun Osakidetzan 3.664 langilek du egiaztatuta euskararen ezagutza, plantilaren % 25ek. "Lan deialdia dagoen-dagoenean onartuz gero, ez da aldaketarik izango langile euskaldunen ehunekoan, agian ehuneko batzuetan jaits liteke langile elebidunen portzentaia”, azaldu du Paul Bilbaok.
Hortaz, Behatokiaren aburuz ezin onar daiteke egungo errealitatea hobetuko ez duen lan deialdi batek aurrera egitea. “Lan deialdi honetako lanpostu guztiei ezarri beharko litzaieke derrigorrezko ezagutza, eta horrela eginik ere, egun dagoen ezagutza mailan bost puntu besterik ez genuke gora egingo”, adierazi du.
Bestalde, eta % 20ren kopuruari eusten badiote, merezimendu gisa baloratu behar dutenez, Funtzio Publikoaren Legeak ematen duen aukerarik altuena esleitzeko eskatu du Behatokiak, “alegia, % 20, ez dadin gertatu 2002an bezala, izan ere, orduan merezimendu gisa % 5,6 besterik ez zen baloratu”.
Gainera, osasungintza euskalduntzearen garrantzia azpimarratu dute: “izaera asistentziala du eta ezinbestekoa da herritarraren eta administrazioaren (mediku-erizain...) artean komunikazio arina egotea”, esan du zuzendariak.
Datu zehatzak
Behatokiko kudeatzaileak, bere aldetik, zenbait datu konkretu aipatu ditu. “Lan deialdi berrian zenbait espezialitatetan ez da aurreikusten langile elebidunik; eta horietako batzuetan komunikazioa ezinbesteko tresna da”, adierazi du Arantza Haranburuk. Hauek dira azaldutako datuak:
• Psikologo kliniko 11 lanpostutik batek ere ez du derrigorrezko ezagutza.
• Psikiatrian 46 lanpostutik bakarrak du derrigorrezko ezagutza.
• Ospitaleko pediatrian 8 lanpostutik batek ere ez du derrigorrezko ezagutza.
• Osasun mentaleko erizainetan 51 lanpostutik batek ere ez du derrigorrezko ezagutza.
• Emaginek 39tik 2k besterik ez.
Bestalde, gogora ekarri dute 2004an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 3471 herritarren eskaera jaso zirela osasungintzan hizkuntza-eskubideak bermatzeko neurriak eskatuz.
Datuekin jarraituz, 2005ko maiatzean Osakidetzako Euskara Plana onartu zenean, lanpostuen % 15i besterik ez zitzaion ezarri derrigortasuna Behatokiaren arabera. “Ez dugu ulertzen horren kopuru baxua, izan ere, errealitateak erakutsi du langile gehiagok dutela gaitasuna. Ez dakigu zen irizpide erabili dute, eta ez ote den ebaluazio positiboak lortzeko besterik ez”.
Bukatzeko Behatokiko kudeatzaileak kezka bat azaldu du: “Kezkatzen gaitu derrigorrezko ezagutza duten lanpostuetan salbuespenari eusteko aukera izaten ari diren langile multzoak. Are gehiago harritzen gaitu, euskara ikasi nahi duen eta lehentasunezko lanpostua den pediatrian, langile bati adinarengatik euskara ikasteko aukera ez ematea”.
Hizkuntz normalizazioa
Osakidetzako deialdian euskararen derrigortasuna lanpostuen %20 baino gutxiagori ezarri nahi diotela salatu du Behatokiak
Lan deialdi publikoa egingo du aurki Osakidetzak, eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak agertu duenez, leihaketarako ateratako lanpostuen %20ri baino gutxiagori ezarriko diote euskararen derrigortasuna. Deialdia baldintza horietan egiten bada, Osakidetzako langileen artean euskara dakitenen ehunekoa areagotu barik jaitsi egingo dela ohartarazi du Behatokiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu