Osakidetzako itxarote epeen luzatze «asaldagarria» salatu du EAJk

Arazoa aurreko Eusko Jaurlaritzak utzitako «ondarea» dela erantzun du PSE-EEko osasun eledunak

Erredakzioa
Bilbo
2010eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Patxi Lopez lehendakari denetik Osakidetzako itxarote zerrendetan gorakada «asaldagarria» izan dela esan du EAJk Eusko Legebiltzarrean. Juan Antonio Arieta-Araunabeña eta Nerea Antia legebiltzarkide jeltzaleek ezagutarazi dutenez, 2009ko irailaren eta 2010ekoaren artean, gorakada handiak izan dira Osakidetzako hainbat zerbitzuren itxarote zerrendetan.

Osasun Sailetik eskuratu dituzte datuak jeltzaleek. Ekokardiogramak egiteko itxarote epea, esaterako,21,59 egunez luzatu da. Endoskopien kasuan, 4,76 egunegin du gora epe horrek, eta 34 egun hemodinamika testetan. Ebakuntza kirurgikoetan ere luzatu da itxarote epea: 11 egun gehiago kirurgia kardiobaskularretarako, eta lau egun gehiago traumatologia edo kirurgia ortopedikorako. Azkenik, oftalmologia kontsulta baterako ere 2009ko irailean baino hamairu egun gehiago itxaron behar dira.

EAJren ustez, itxarote zerrendak murrizteko Rafael Bengoa Osasun sailburuak prestatu duen plana «epeak luzatzea ekarri duen plan bera» da, eta, beraz, neurri berriak eta eraginkorrak aplika ditzan eskatu diote.

Itxarote zerrendak ez dira EAJko legebiltzarkideen kexa bakarra. Zenbait osasun zentro larunbatetan ixtea, zaintza partekatuak ezartzea, etengabeko arreta gune ugari desagertzea eta langileen ordezkatze sistema ere salatu dituzte jeltzaleek. Azken neurri horren harira, Bengoak «gezurra» dioela adierazi dute. Sendagile egoiliarrak, prestakuntza amaitzean, Osakidetzan lanean geldi daitezen saiatuko zela agindu zuen sailburuak; baina jeltzaleen ustez, datuak ez dira oso baikorrak. Maiatzean prestakuntza amaitu zuten 203 egoiliarretatik ehunek jaso zuten behin-behineko lan eskaintza, eta 37k ordezkaketa bat egitekoa.

Egoera hori Ibarretxek zuzendutako gobernuaren «ondarea» dela esanez erantzun diejeltzaleei Blanca Roncal PSE-EEko osasun eledunak. Marguello auzia ekarri du gogora, eta EAJ oposizioan egotea beharrezkotzat jo du: «Itxarote zerrenden berri izan dezaten». Osasun erreforma xede dutela esan du: «EAJk, ordea, trabak besterik ez ditu jartzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.