Osakidetzako itxarote zerrendei eusteko, plan berria

Behar larrietarako zerrendak «ondo» daudela dio Bengoak, baina espezialitate batzuetan handitu egin dira

Erredakzioa
Gasteiz
2010eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Osakidetzako itxarote zerrendek «okerrera» egin ez dezaten plan bat prestatzen ari da Osasun Saila. Espezialitate batzuetan, oftalmologia edota traumatologian kasu, itxarote zerrendak gero eta luzeagoak direla onartu du Rafael Bengoa sailburuak, gero eta eskari gehiago dutelako. Ordea, bihotz kirurgia, onkologia, eta antzeko behar larrientzat zerrendak «ondo» daudela dio.

Plan berriaren azalpen zehatzik ez zuen eman Bengoak atzoko Eusko Legebiltzarreko Kontrolerako Osoko Bilkuran, baina beste neurri batzuen berri eman zuen. Hala, barne mediku egoiliarrak erakartzeko lana egiten ari dela gogorarazi du, edota hitzarmenak sinatu direla gaixotasun larriak hitzartutako osasun zentroetara eramateko.

Itxarote zerrendak laburtzearen garrantzia nabarmendu du Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak. Ebakuntzak egiteko denbora 66 egunekoa zen abuztu bukaeran, eta duela urte bete baino bi egun gehiago da hori. Espezializatutako sendagileena joateko, berriz, 25 egunekoa da, 2009an baino lau egun gehiago.

Osasun Sailak izan dituen aurrekontu murrizketei egotzi dio egoera hori, Osakidetzako langileen lanuzteek eta oporrek sortutako hutsuneak ez baitira bete.

Buruko gaitzen arreta hobetu

Buruko gaitzak dituzten pertsonen arreta hobetu behar dela gogorarazi du EAEko arartekoa Iñigo Lamarcak. Gaixotasun horiek dituzten pertsonen arretarako «teoria» oso landua dagoen arren «tresnak eta politika publikoak» falta direla gogorarazi du Lamarcak. Osasun sistemaren eta gizarte laguntza sistemaren artean lotura gutxi daudela zehaztu du, eta dauden apurrak adineko pertsonen arretarako direla. Buruko gaixotasunen arreta hobetzeko, bi sistema horien arteko elkarlana «funtsezkoa» dela berretsi du. Hala, gaur egun familiak dira hein handian gaixoen zaintzaz arduratzen direnak, kasu guztien %80.

«Gogoeta eginda dago, eta orain baliabideak jarri behar dira», nabarmendu zuen Iñigo Lamarcak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.