Osakidetzako lan eskaintzan euskarari «balio handiegia» eman izana salatu du PPk

Legealdiko itunaren oinarriak ez betetzea leporatu dio Laura Garridok Jaurlaritzari; UPD ere kexu da

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Jaurlaritzak azarorako prestatu duen Osakidetzako lan eskaintza publikoan euskarari «garrantzi handiegia» emandiola adierazi dute PPk eta UPDk. Ildo horretatik, Jaurlaritzari egonkortasuna ematearen truke legealdirako sinatutako akordioaren oinarria ez dela betetzen ari ohartarazi dio PPk PSE-EEri.

Jakina denez, 2.600 lanpostu eskainiko ditu Osakidetzak azaroan. Azterketa eredua aldatu egin du Osasun Sailak aurten, euskara jakitea «erabakigarria» gerta ez dadin, Rafael Bengoa Osasun sailburuak joan den astean aitortu zuenez.

Euskara jakiteagatik egiten den balorazioa ez da aldatuko—puntu guztien %9,1 izango ditu orain ere—, baina azterketa eredua aldatuko dute, hizkuntz gaitasuna erabakigarria gerta ez dadin.

Galdetegi itxi batean oinarritutako azterketa egin izan da azken urteetan. Horren ondorioz, alde txikia sortzen zen hautagaien artean etsaminaren ostean, eta euskara jakitea egoera horretan erabakigarria gertatzen zela azaldu zuen Bengoak. Orain, eredu berriarekin, horrelakoak saihestu nahi dituzte.

Euskalgintzak eta alderdi politiko abertzaleek gogor kritikatu dute Jaurlaritza, euskaldunen hizkuntz eskubideei «eraso» egiteagatik.

PPk eta UPDk, ordea, oso bestelako ikuspegia dute. Bi alderdiek euren jarrera ezagutarazteko agerraldi bana egin zuten atzo. Laura Garrido PPko legebiltzarkideak adierazi du euskara jakiteari «gehiegizko garrantzia» eman diola Jaurlaritzak, eta, hartara, erabakigarria izango dela orain ere azken emaitzari begira.

Garridok gogorarazi du PSE-EE eta PP bat zetozela euskarari gehiegizko garrantzia ematen ari zitzaiola, baina argitu du bilatutako irtenbidearekin ez daudela ados. Bigarren hizkuntz eskakizuna egiaztatuta, 17 puntu ematen zituzten orain arte; eta prestakuntza eta esperientzia egiaztatuta, berriz, 70. Bada, oraingo azterketan euskararen ezagutzak 18 emango ditu, eta esperientziak, 80.

Garridok oroitarazi dio Bengoari ez dagoela inola ere gustura egoera horrekin. Izan ere, uste du ez dela betetzen ari bi alderdiek sinatutako akordioaren oinarriak. Hala, Garridok jakinarazi du PPkgai hau mahai gainean jarriko duela akordioa betetzen ote den aztertzeko batzordearen hurrengo bileran. Eta abertzaleek «30 urtean ezarri dituzten hizkuntz politikei» aurre egiteko orduan «ausardiarik ez izatea» leporatu dio PSE-EEri.

Edonola, Garrido poztu da lan deialdi publikoarengatik, Osakidetzari «egonkortasuna» ekarriko diolakoan. Aldi berean, azterketa ereduaren aldaketa ere onuragarritzat jo du.

2009ko ebazpena

Gorka Maneiro UPDko legebiltzarkideak ere gehiegizkotzat jo du Jaurlaritzak euskara jakiteari emandako balioa, eta Eusko Legebiltzarrak gai horren inguruan 2009an hartu zuen ebazpenari muzin egitea leporatu dio PSE-EEri. «Ez dira ausartzen nazionalisten hizkuntz politika aldatzera», ondorioztatu du Maneirok. «Konplexu eta beldurrak» gainetik kentzeko eskatu dio, azkenik, Lopezen gobernuari.

Bestalde, Julian Perez Osakidetzako zuzendariak erantzun die sindikatuek egindako kritikei. Euskarari dagokionez, 2007ko dekretua ezarri dutela gogoratu du. «Dekretu horrek dio euskara jakiteak %10 balio duela, eta horixe ezarri besterik ez dugu egin», esan du Perezek. Horren harira, orain lan eskaintza publikoa kritikatzen ari diren sindikatuek 2007an ez zutela modu berean gaitzetsi iritzi dio Perezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.