Osakidetzako langileen %20k euskara jakin behar izatea ez dela gutxi esan du Inclanek

Osakidetzak 2008. urteari begira egindako Lan Eskaintza Publikoan, sistema osoa euskalduntzeko neurriak abian jarriko zirela iragarri zuen joan den uztailean. Esleituko diren lanpostu horietan, ordea, %20k bakarrik jakin beharko du euskaraz eta hori “ez dela gutxi” adierazi du Eusko Jaularitzako Osasun sailburu Gabriel Inclanek.

2006ko irailaren 11
20:25
Entzun
Osakidetzan lanean ari direnen artean %13k baino ez daki euskaraz. Eusko Jaularitzak Osasunaren alorrean lan egiten dutenak euskaraz ikasteko egitasmoa aurkeztu zuen baina hurrengo Lan Eskaintza Publikora begira eskainiko diren lanpostu berrietatik bostetik batek izango du euskara jakiteko derrigortasuna.

Euskara jakin beharra “lehen artatzetan eta ospitaletako larrialdi zerbitzuetan” eskatzen saiatuko direla esan du Inclanek. Jaularitzak Osakidetzako langileak euskaraz trebatzeko materiala aurkeztu duen egunean egin ditu adierazpen hauek Osasun sailburuak. Aurkezpenean Miren Azkarate Kultura sailburua ere egon da.

Euskara ikasteko materiala prest

Aldizkaria, irratsaioak eta web orria prestatu dituzte langileak euskaraz ikas dezaten. Aldizkaria hilabetero argitaratuko dute eta osasunaren inguruko gaiak jorratuko ditu. Euskadi Irratian, berriz, astero adituei eginiko elkarrizketak eskainiko dituzte, besteak beste. Sortu duten webguneak, aldizkariko eta irrati saioko edukiak bilduko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.