hizkuntz normalizazioa

Osakidetzako lau langiletatik hiruk ez dute euskaraz jakingo, Kontseiluaren arabera

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak agerraldia egin dute gaur Osakidetzak argitaratu duen lan deialdiari buruzko balorazioa egiteko. Bi erakundeak kezkatuta agertu dira Osakidetzaren euskalduntze prozesuarekin: "Osakidetzan hizkuntza-eskubideak bermatzeko neurri eraginkorragoak hartu behar dira", azpimarratu dute.

2006ko azaroaren 3a
16:35
Entzun
"Lau langiletik hiruk ez dute oraindik euskara jakingo Osakidetzan", adierazi du Kontseiluko idazkari nagusi Xabier Mendigurenek. Kontseiluaren eta Behatokiaren ustez, Osakidentzaren lan deialdian ez da urratsik emango hizkuntz normalizazioan aurrera egiteko.

Deialdian lanpostuen %20ri bakarrik eskatuko zaio euskara jakitea.Gaur egun, 2006ko datuen arabera, Osakidetzako langileen %25ek du egiaztatua dagokion euskara ezagutza. Lanpostu berriak 4.000tik gora izango dira eta %20ri besterik ez zaio eskatzen euskararen ezagutza.

Horrenbestez, Kontseiluak eta Behatokiak azaldu dutenez,"langile euskaldunen kopuruak ez du igoerarik izango, ordezkariek egindako azterketaren arabera". Xabier Mendigurenek azpimarratu du Osakidetzaren euskalduntzean aurrera egiteko "lan deialdi honetan lan postuen %100ean eskatu beharko litzateke euskara”.

Osakidetzaren Euskara Planaren eraginkortasun ezaren ondorioz lan deialdi honetan euskalduntzean aurrera egin ezinik jarraituko dela nabarmendu du Behatokiko Paul Bilbaok. "“Euskara Planak iruzurrerako bidea zabaldu du. Zein da lan deialdiaren helburua: hizkuntza-eskubideak bermatzea ala plana betetzeko behe-mailako helburuak jartzea?".

Behatokia zuzenean zuzendu zaio Eusko Jaurlaritzak abian jarritako Elebide zerbitzuri. "Hizkuntza eskubideen urraketak ahalbidetuko dituen lan deialdi horren aurrean" zer egin behar duen galdetu diote Behatokiak Elebideri. Paul Bilbao Behatokiko zuzendariaren hitzetan, "herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko ezinbestekoa da Osakidetzan gertatzen diren urraketei aurre egitea". Elebidek, "aukera du orain Behatokia baino haratago joango dela egiaztatzeko”, gaineratu du Bilbaok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.