Osakidetzako mahai sindikala «antzerkia» dela diote

Osasun agintariek «informazio organo soil» bihurtu dutela salatu dute sindikatuek, kexu: «Onartezina da»

Langileak, protestan. JUANAN RUIZ / ARP.
Erredakzioa
Donostia
2011ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Minduta jarraitzen dute ELA, LAB eta ESK sindikatuek Osakidetzako arduradunekin. «Ez dute lan baldintzen akordio berri bat negoziatzeko inongo intentziorik», salatu dute. Aditzera eman dutenez, mahai sektoriala «informazio organo soil» bihurtu dute, eta bertan ez da ganorazko gairik jorratzen. «Ez da inongo aurrerapausorik eman negoziazio kolektiboan», azaldu dute. «Mahai horren bitartez, hainbat estruktura proiektu baieztatu nahi izan ditu, sindikatuen inolako parte hartze errealik gabe». Egoera horren inguruko salaketa egiteko elkarretaratzea egin zuten atzo Gasteizen sindikatuek; Osakidetzako Zerbitzu Zentraletan elkartu ziren, eta elkarretaratze zaratatsua egin zuten bertan.

2009ko abenduan heldu zen amaierara ordura arte indarrean egondako lan baldintzen akordioa, eta ordutik Osakidetzak izan duen jarrerarekin aski kritikoak dira sindikatuetako ordezkariak. Azken hilabete hauetan mahaian hainbat proiektu garrantzitsu aurkeztu dizkietela jakinarazi dute —Bizkaiko Buruko Osasungintzarako Sarea, LEPa eta kontratazioak, kartzeletako osasun profesionalen transferentzia eta abar—, baina gai horietan guztietan Osakidetzak informaziorik ez diela eman salatu dute, eta era aski zabarrean jokatu duela, gainera: «Izugarrizko ezkutukeria eta nagusikeriarekin».

Mobilizaziotarako deia

Egoera hori dela eta, negoziazio «erreal bat» eskatzeko mobilizazioak egiten jarraitzeko asmoa agerian utzi dute sindikatuek. «Gure baldintzak egunetik egunera okerragoak dira, eta, horrela, baita osasun arlo publikoaren kalitatea ere, kontratazioan murrizketa eta pribatizazioaren aldeko jarrera etengabearekin», ohartarazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.