Osakidetzako mediku espezialisten probako filtrazioen eskandalua azaleratu eta hiru urtera, ESK sindikatuak beste 34 pertsona ikertzea eskatu dio epaileari, lan eskaintza publikoko iruzurrean parte aktiboa izan zuten argitzeko helburuz. Sindikatuak jakinarazi duenez, horietatik 32 oposiziogile izandakoak dira, eta beste biak, berriz, anestesiologia eta urologiako epaimahaietako kideak.
Orain arte hamaika ziren Osakidetzako kasua daraman Gasteizko 2. Instrukzio Epaitegiak ikerturiko pertsonak, 2016-2017ko probako hamar espezialitatetan izandako ustezko iruzurrengatik. Sindikatuaren eskaera berria instrukzio fasea amaitu baino hiru egun lehenago iritsi da, eta, epaileak onartzen badu, kasuan ikerturiko pertsonen kopurua lehen halako lau ere izan liteke.
Oposiziogileen artean, zehazki, anestesiologiako lau pertsona, angiologiako bost, digestiboko bost, traumatologiako bost, neurologiako bost, neurofisiologiako bi, urologiako hiru eta kardiologiako beste hiru daude. Julio Sanchez ESKren abokatuaren arabera, sindikatuaren asmoa da oposiziogile horiek filtrazioan izandako parte hartzea argitzea, azterketei buruzko informazioa eskatu edo eragozpenik gabe jaso izanez gero erantzukizun penala izan dezaketelako.
ESK-k adierazi du 32 pertsona horiei dagokienez «konexio» jakin batzuk antzeman dituztela, eta gehitu du «adierazgarri asko» daudela ustezko iruzurrean parte hartu zutela pentsatzera daramatenak. Joan den ekainean, epaileak beste hiru oposiziogile eta Debagoienako traumatologiako zerbitzuburua ere ikertzea erabaki zuen, LAB sindikatuak eginiko eskaera bati erantzunez.
«Bezero sistema» amaitzea helburu
Patxi Nicolau ESK-ko Osakidetzako ordezkariak adierazi du haien helburua ez dela ustezko filtrazioetatik onurak lortu zituzten oposiziogileen artean «sorgin ehiza» bat egitea, sindikatuaren ustetan Osakidetzako lan eskaintza publikoetan duela hamarkadetatik ezarrita dagoen «bezero sistema» amaitzea baizik.
Halaber, ikerketa prozesua abiatu zenetik, osasun zerbitzuak «trabak» jarri dituela salatu du ESK-k. «Iritzi publikoak eskandalu horren berri izan ondoren, ukatu ez ezik, ikerketari oztopoak jarri dizkio, eta horrek Osakidetzako kupularen ikerketa ildoa partekatzera garamatza erantzukizun penalak argitu daitezen», adierazi du sindikatuak.
Gainera, Herri Ardularitzaren Euskal Erakundearen aurka ere jo du, esanez «bere ospea arriskuan jarri duela» Osakidetzako postuetarako hautaketa prozesuko gardentasuna ez bermatzeagatik: «Nahiko tristea da inplikatutako administrazio bat egotea, baina tristeago eta larriagoa da, ikerkuntzaren ibilbidean Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak bezero sistema honetan aktiboki parte hartu zuela jakiteak, iruzurrak ezkutatuz eta Justiziarekin lankidetzan jardun gabe, Osakidetzaren presioak onartuz».
Jaurlaritzari dagokionez, berriz, sindikatua kexatu da, auziak iraundako denbora honetan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak eta bere postuan aurretik izan zen Nekane Murgak iruzur sistemaren existentzia onartu eta «harekin amaitzeko konpromiso argi eta esplizitaturik» hartu ez dutela uste duelako.
Handituz joan den elur bola
Ustezko iruzurra 2018ko ekainean hasi zen argitara ateratzen, Donostiako ospitaleko hodietako kirurgiako zerbitzuburuak oposizioetako zenbait azterketatan ohiz kanpokoak eta susmagarriak ziren emaitza batzuen berri eman eta gero. ELA eta LAB sindikatuek ere irregulartasunak salatu zituzten, eta, hortik egun gutxira, Elkarekin Podemosek eta EKS sindikatuak notario aurrean sinatutako agiri batzuk aurkeztu zituzten, azterketa egin aurretik postuak lortuko zituzten zenbait oposiziogileren izenak iragartzen zituztenak.
Hasieratik, Osasun Sailak zalantzan jarri zituen salaketak, baina informazioek loratzen jarraitu zuten. Hala, BERRIAri hainbat sendagilekazaldu zioten «jakina» zela espezialisten oposizioetan iruzur egiten zela, eta horrek urteetako eredu bati jarraitzen ziola.
2019ko otsailean, EAEko fiskal nagusiak txosten irmo bat kaleratu zuen, hamaika espezialitatetan filtrazio zantzuak zeudela eta proba prestatu zutenak eta epaimahaietako kideak aukeratzeko Osakidetzak «irizpide objektiborik» erabili ez zuela adierazteko. Aste gutxira, kasuak eragindako presioen ondorioz, Jon Darpon Osasun sailburuak bere dimisioa aurkeztu zuen, Legebiltzarra haren jarduna gaitzestera zihoanean. Darponez gain, Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendariak eta osasun zerbitzuko beste zenbait karguk ere dimititu dute.