ESK sindikatuak ohartarazi du Osakidetzako mediku espezialisten oposizioetan ustezko filtrazio gehiago antzeman dituela. Oraingoan, neurofisiologiako eta neurokirurgiako adarretan. Hala, Gasteizko 2. Instrukzio Epaitegiari eskatu dio azter ditzala bi adar horiek; eta, horretarako, 2016. eta 2017. urteetako Osakidetzako lan eskaintza publikoan eginiko probak hartuko dira oinarri. Sindikatuak lekukotasunak jaso eta azterketetako emaitzak ikertu ostean egin du eskaera. Hala ere, nabarmendu du Gasteizko epaitegia «akatsik gabeko» ikerketa egiten ari dela. Izan ere, orain arte, fiskal nagusiak oposizioetako hamaika espezialitate jarriak ditu susmopean.
Julio Sanchez ESK sindikatuko abokatua da. Jakinarazi du neurofisiologia dela ikertu dituzten adar nagusietako bat: batetik, azterketen emaitzak ikertu eta analisiak egin dituzte; bestetik, lekukotasunak jaso dituzte. «Horiei esker ondorioztatu dugu neurofisiologiako azterketa egiteko ardura zuena epaimahaiko kide ere bazela», esan du Sanchezek. Nabarmendu duenez, Arabako Osakidetzako zerbitzuetako arduradunetako bat da kidea, eta HAEE Herri Ardularitzaren Euskal Erakundeak izendatu zuen azterketaren enkargatu gisa. Areago, Sanchezek gaineratu du badaudela ustezko iruzurraren zantzu gehiago: «Azterketa teorikoan emaitza onenetako bat atera zuten bik lanpostua lortu dute Araban, baina, aurrez, jada Arabako Unibertsitate Ospitalean lan egiten zuten». Guztira, hiru lanpostu zeuden adar honetan, eta 26 hautagaik egin zuten azterketa.
Neurokirurgiako adarra ere ikertu du ESK sindikatuak. Bertako abokatuak esan du Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko zerbitzuetako arduradunetako batek zuela azterketa egiteko ardura. Eta, emaitzak ikertu ostean, ondorio batera iritsi dira: «Neurokirurgia espezialitateko bost emaitza onenetako lauk lotura zuzena dute ospitalearekin». Hain zuzen ere, ohartarazi duenez, oposizioetako hiru hautagaik han egiten dute lan; laugarrena, berriz, urte luzez egon da han lanean.
Epaitegia, «akatsik gabe»
Hamaika dira fiskal nagusiak orain arte susmopean eduki dituen espezialitateak: Kardiologia, Traumatologia, Kirurgia Plastikoa, Urologia, Zaintza Intentsiboak, Larrialdiak, Mikrobiologia, Kirurgia Baskularra, Anestesiologia, Angiologia eta Digestio Aparatua. Azken hiru espezialitateetako azterketetako arduradunak zuzenean akusatu ditu fiskalak; beste zortzietan, oraingoz, ez du beste inor akusatu. «Gasteizko epaitegia akatsik gabeko ikerketa ari da gauzatzen, beharrezkoa baita lan geldoa eta lasaia egitea guztia argitu ahal izateko», nabarmendu du Sanchezek.