Osakidetzako zenbait langilek eskatu dute funtsezkoak ez diren jarduerak geratzeko

Eusko Jaurlaritzari eskatu diote «erabateko konfinamendua» ezartzeko, osasun sistema «kolapsatzea» eragozteko.

Donostiako ospitaleko langileak, astelehenean, txalo jotzen. JON URBE / FOKU
2020ko martxoaren 25a
19:13
Entzun

Osakidetzako langile talde batek lankideen arteko sinadura bilketa bat abiatu du Interneten, Eusko Jaurlaritzari eskatzeko «herritarren erabateko konfinamendua» bermatzeko, eta, horretarako, funtsezkoak ez diren jarduera guztiak geratzeko. Nabarmendu dute «kutsatze eta ospitaleratze kopurua ahalik eta gehien murriztu» beharra dagoela, eta «garai zailek erabaki zailak» eskatzen dituztela. Dokumentuak 1.000 langile ingururen babesa jaso du, eta galdegin dute soilik Osakidetzako lankideek sinatzea eskaera; 19:00etarako, 900 lagunek baino gehiagok sinatu dute.

Beren jarrera defendatzeko, Espainiako, Euskal Herriko eta Herrialde Katalanetako 70 zientzialarik martxoaren 21ean aurkeztu zuten ikerketari egin diote lotura. Ikerketa horretan, azaltzen zuten osasun sistemak «kolapsoa» jasango duela; haiek egindako aurreikuspenaren arabera, gaur bertan egin behar dute gainezka hainbat erietxek.

Osakidetzako langileek Italiak hartutako erabakiari eta Txinako Gurutze Gorriak eta komunitate zientifikoak egindako gomendioei kasu egiteko eskatu diete instituzioei. «Arazoaren oinarrira jo behar dugu, kutsatzeak eta hedapena ahalik eta gehien saihesteko. Ekonomia garrantzitsua da, baina pertsonen bizitzak gehiago», adierazi dute Interneten zabaldutako eskaeran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.