Orotara, bost deialdi egin dituzte SATSE, ELA, LAB, SME, FFHE, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek. Azaroaren 6an, lau orduko lanuzteak egingo dituzte txanda bakoitzean. Azaroaren 13an, egun osoko greba egingo dute Arabako zentro guztietan, azaroaren 20an Gipuzkoakoetan, eta 27an Bizkaikoetan. Abenduaren 4an, berriz, egun osoko greba orokorra egingo dute hiru herrialdeetako zentro guztietan.
ELAko Pello Igeregik eta SATSEko Elena de la Mazak nabarmendu dute sindikatuek "behartuta" ikusi dutela euren burua lanuzteak antolatzera, eta esan dute euren eskakizunak "apalak" direla: enplegua sortu eta egonkortzea ekarriko lukeen akordio bat erdiestea, alegia.
Osasun sailburu Jon Darponek joan den astean egindako Lan Eskaintza Publikoaren iragarpena ez dute nahikotzat jotzen sindikatuek. De la Mazaren ustez, "adarjotzea" da iragarpen hori, eta Igeregik gaineratu du "prekaritatearen aldeko apustua" dela.
Hainbat aste daramatzate mobilizazioekin; joan den larunbatean martxak egin zituzten Donostia, Gasteiz eta Bilbon. "Kalitatezko osasun zerbitzu bat" eskatu zuten.