Osasuna

Osakidetzaren azterketak baztertu egin du atzo erietxeraturiko gaixoak ebola izatea

Sendagileen diagnostikoaren arabera, eriak malaria du. Alarmarik sortzeko arrazoirik ez dela eta lasai egoteko esan du Osasun Sailak.

Basurtuko erietxearen kanpoaldea. AFREDO ALDAI / EFE
2014ko abuztuaren 19a
08:15
Entzun

Basurtuko ospitalean eta bakartuta dago oraindik ere atzo erietxeraturiko bizkaitarra. Ebola birusa izan zezakeelakoan eraman zuten erietxera, eta "ongi" dagoela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Egindako azterketen emaitzen arabera, sendagileek baztertu egin dute gaixoak ebola birusa izatea; malaria duela uste dute. Lasai egoteko mezua zabaldu du, beraz, Osasun Sailak.

Goizean, Radio Euskadin, Miren Dorronsoro Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko zuzendariak adierazi du Osakidetzak ezarritako protokoloak "gaixoaren zaintza bermatzea eta gaixotasuna ez zabaltzea" duela helburu. Horretarako, "susmoa dagoen kasuetan" bakartu egiten dute gaixoa, Sierra Leonan egon berri den bizkaitarrarekin egin duten legez.

Larritasun handia eragiten du ebola aipatzeak. Sendabiderik gabeko gaixotasuna da, kutsagarria; %90erainoko hiltze tasa du, eta, lehen izurria ez bada ere, oso bizkor zabaltzen ari da azkenaldian Afrikan: agertu den herrialdeetan mila lagunetik gora hil ditu, eta OME Osasunaren Mundu Erakundeak berak ohartarazi du nazioartean ari diren erakundeek ez diotela behar adinako jaramonik egin. Salatu du "gutxietsi" egin dutela eraginiko hondamendia, baita izan ditzakeen ondorioak ere.

Osakidetzak erreferentziazko bi zentro hautatu ditu ustez gaixotasunak jotakoak bakartuta edukitzeko: Basurtukoa, Bilbon, eta Donostia ospitalea, Donostian. Nafarroan, berriz, Nafarroako Ospitale Gunera eramatea da asmoa. Gaixoak hartzeko erietxeak zehazteaz gain, protokoloetan zehaztu dute nolako segurtasun neurriak hartu beharko dituzten langileek haiek artatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.