Bularreko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaur. OME Osasunerako Mundu Erakundearen arabera, 30 segundotik behin munduko tokiren batean bularreko minbizia kasu bat atzematen da, eta %99tan emakumeei eragiten die. Iturri berberak dioenez, 35 urtez azpiko emakumeak erien %6 baino gutxiago dira, eta arriskurik handiena 40 urtetik goranzkoek dute. Hain zuzen ere, Osakidetzak erabaki du eritasuna aurretik atzemateko programa 45 eta 49 urte bitarteko emakumeengana zabaltzea, baina «familia aurrekariengatik edo genetikoki arriskua dutenei zuzenduta bakarrik». Horrek eztabaida eragin du minbiziaren aurkako elkarteen artean. Bularreko Minbiziaren Bizkaiko Elkartea ez dator erabakiarekin bat, bere ustetan ez baita nahikoa. Gipuzkoako Katxalin elkartea, berriz, ados dago Jaurlaritzako Osasun Sailak hartutako erabakiarekin.
Georgina Sastre Bularreko Minbiziaren Bizkaiko Elkarteko presidenteak Osakidetzaren erabakiarekin «txundituta» eta «suminduta» daudela adierazi zuen atzo. Haren iritziz, mamografiak egiteko adina 45 urtera jaitsiz «ez dira ari ezer egiten»; bularreko minbizia izateko arrisku genetikoa dutenak dagoeneko kontrolpean daudela dio. Sastrek emandako datuen arabera, Bizkaian urtero 1.100 emakumeri atzematen diete bularreko minbizia, eta horietako %30ek 40-49 urte arteko adina dute. Horregatik, eritasuna aurretik atzemateko programarako adina 40 urtera jaisteko eskatu du.
Gipuzkoan, neurri berrien alde
Gipuzkoako Katxalin elkartea, ordea, ez dator bat Bizkaikoaren jarrerarekin. Edurne Iruin elkarteko gizarte langilearen iritziz, 45 eta 50 urteen artean mamografiak egitea ez da guztiz «arrazoizkoa», zalantzazko erantzun asko jasotzen direlako. Gaur egun indarrean dagoen programa «ongi» dabilela uste du Iruinek. «Helburua diagnostikatutako kasuak %90 izatera iristea baldin bazen, emaitzek ehuneko hori pasatu dute». Osakidetzaren programa Europan indarrean daudenekin alderatuz gero, Iruinen arabera, adinaren kokapena «egokia» dela ikusten da. Hori dela eta, Katxalin elkartea Osasun Sailaren sistemaren alde dago.
Gipuzkoako Batzar Nagusiek, gaurko egunaren harira, bularreko minbiziaren aurkako ekitaldia egin zuten atzo Donostiako egoitzan. Han izan ziren, bertzeak bertze, Rafaela Romero Batzarreko presidentea eta Txaro Beobide Katxalin elkarteko arduraduna.
Nafarroan, berriz, SATSE erizainen sindikatuak salatu du Nafarroako Gobernuak 2011rako %1,33 murriztu duela Osasunbidearen aurrekontua. Sindikatuaren ustez, bularreko minbiziaren prebentziorako eta diagnosi azkarrerako beharrezkoa da administrazioak giza baliabideak eta teknikoak zabaltzea.
Osakidetzaren mamografietarako irizpide berriek kritika eragin dute
Bizkaiko erien elkartea kexu da, 45-50 urteko andreetan soilik arrisku egoeran daudenei eginen dizkietela eta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu